Larunbat arratsaldean jokatuko dute Zumaiako XIX. Zakila Bira

Izaskun Urbieta 2015eko irailaren 30a

Antolatzaileek 500 korrikalari inguru espero dituzte irteeran, eta berrikuntza gisa, lasterketak irauten duen bitartean, zumba saioa egongo da Alondegiaren aurrean.Larunbatean 17:00etan emango zaio irteera Zumaiako XIX. Zakila Birari. Ohi bezala, marat...

Antolatzaileek 500 korrikalari inguru espero dituzte irteeran, eta berrikuntza gisa, lasterketak irauten duen bitartean, zumba saioa egongo da Alondegiaren aurrean.

Larunbatean 17:00etan emango zaio irteera Zumaiako XIX. Zakila Birari. Ohi bezala, maratoi erdiko distantzia izango dute saltakariek; 20 kilometroko lasterketa gogorra. Lehenengo kilometroak herrian bertan egingo dira. Hala, lasterketa Erribera kalean hasiko da, Paoleko bidea hartuko du ondoren, eta Juan Belmonte kalea zeharkatuz, Erribera kalera iritsiko dira berriro parte-hartzaileak. Zuzen jarraituz, Axular ibiltokitik aurrera Zumaia atzean utziko dute korrikalariek. Lasterketak Zestoan Arroatik barrena jarraituko du, Iraetatik, Aizarnabaldik eta Oikiatik pasatuz, berriz Zumaia erdigunera iristeko.

16 urtetik aurrerako pertsonek eman dezakete izena, eta lasterketa bukatzeko 2 ordu eta 15 minutu izango dituzte gehienez.

Orain arteko errekorra, 2003an Iratxe Aranburuk emakumezkoetan lortu zuena dago: 01:13:09 egin zuen zarauztarrak. Gizonezkoetan, urtebete beranduago, Jon Salvador bilbotarrak 01:04:14an gelditu zuen erlojua.

Harrera itsas kiroldegian

Korrikalari guztien harrera itsas kiroldegian egingo da aurten. Bertan dortsalak hartuko dira, arropak uzteko lekuak jarriko dituzte, eta dutxatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Autoak aparkatzeko aukera, berriz, tren estazioaren inguruan eskainiko da. Antolatzaileek kontatu dutenez, han herrian baino leku gehiago egongo da autoa uzteko, eta horixe gomendatzen dute.

Aurten, gainera, eta berrikuntza modura, zumba saioa egongo da 17:15etik 18:00etara Erribera kalean, Alondegiaren parean. Edonork hartu dezake parte dantza saio horretan, baina horretarako izena eman behar da aurrez, Lubaki kiroldegian (943-86 20 21).

Lasterketan parte hartzeko aukera oraindik zabalik dago. Horretarako, www.herrikrosa.eus webgunera sartu eta bertan bete behar da eskaera.

Boluntarioei eskerrak

Egun horretan lanean ibiliko diren boluntarioen lana ere gogoratu nahi izan dute antolatzaileek. Zumea elkartea da horietako bat. Horiekin batera, Itxas-Gain taldekoak ere ezin dira ahaztu, ezta Bikers Urola Kostako motorzaleak ere. Azken horiek beraien motorrekin korrikalarien gidari lanak egiten dituzte. Horiez gain, norbanakoak ere ez dituzte ahaztu nahi, guztiei esker ateratzen baita aurrera lasterketa.

Bestalde, korrika probak eragingo du aldaketarik herrian: 17:00etan Donostia alderako autobusa Patxita Etxezarretatik aterako da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide