Zumaian egingo dute eskualdean martxako ekitaldi nagusia, 13:00etan Beheko plazan. Gero, parte-hartzaileek bazkaria egingo dute Torreberri gaztetxean.
Urriaren 1ean, datorren ostegunean, Euskal Herriko Mundu Martxa iritsiko da eskualdera. Martxoaren 6an abiatu zen Kurdistanen karabana feminista Gure gorputzak, Gure Lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte lelopean. Hainbat herrialde zeharkatu ditu ordutik, eta Euskal Herritik pasako da irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean Coimbrara (Portugal) bidean.2015eko Emakumen Mundu Martxak hainbat helburu ditu. Alde batetik, «emakumeek bizi dituzten indarkeria motak ikusaraztea eta salatzea», zapalkuntzak sustatzen dituzten eragileak identifikatuz. Mundu Martxako Urola Kostako platafor- mako kideek azaldu dutenez, «emakumeen aurkako indarkeriaren larritasunaz jabetzen da gizartea. Baina hori izebergaren punta besterik ez da, egunerokoan sistema patriarkalak mota askotako jazarpenak sustatzen baititu emakumeen aurka». Hori gainditzeko plan integral bat behar dela uste dute. «Eragileok eta erakundeek adostasunetara iritsi behar dugu, gizartea birplanteatzeraino».
Bestetik, munduari erakutsi nahi diete «emakumeak erresistentzian ari direla eta ez dutela amore emango beren gorputzen gainean erabaki ahal izan arte». Horretaz gain, emakumeen mugimendua indartzea eta zabaltzea ere badute xede. «Hamarkadetan zehar mugimendu feministak egindako lanak emaitzak eman ditu. Zenbaitek pentsatzen du gurean parekidetasuna lortu dela, baina oker daude. Asko dago egiteke oraindik, eta gazteen artean batez ere eredu atzerakoiak zabaltzen ari dira».
Aldarrikapen horiek denak presente izango dituzte ostegunean Zumaian, eta eskualdeko herritarrak bilgunean parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek. 13:00etan iritsiko da Mundu Martxa Zumaiara; 13:30ak inguruan ekitaldi nagusia egingo dute Beheko plazan eta, ondoren, bazkaria egingo dute Gaztetxean. Bazkarian parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete berdintasuna@zumaia.eus eta zumaiamorea@hotmail.com helbideetara idatzita edo 943-861056 telefono zenbakira hots eginda, asteartea bitartean.