Iaz udalak onartutako Larrialdi Planak jasotzen du boluntario talde bat sortzeko beharra. Bilera egingo da astelehenean, eta izena eman behar da aurrez; bihar da horretarako azken eguna.
2014ko urriaren 30eko udalbatzarrean onartu zen udal larrialdietarako plana eta, hari jarraituz, arduradun eta herritarrez osaturiko taldea osatu nahi du orain Zumaiako Udalak. Horretarako bilera egingo da astelehenean, eta bilera horretan, bide batez,ezagutzera emango dira errefuxiatuek bizi duten krisi humanitarioaren aurrean udalak beste erakunde publikoekin egin dituen gestioak. Bileran parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, Udaltzaingoan edo Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan.Gutxien espero denean gertatu ohi dira larrialdi egoerak, eta horiei era koordinatu batean erantzutea da Udal Larrialdi Planaren helburua. Horretarako, arlo eta maila desberdinetako arduradun eta herritarrek osatutako taldea osatu nahi da.
Larrialdi egoerak, arrazoi naturalengatik, nahiz gizakien erabaki okerren ondorioz gerta daitezke. Batzuk identifikatzearren, aipa daitezke lur higidurak eta lurrikarak, uholdeak, suteak, galerna, industria edo teknologi jarduera arriskutsuetatik sortuak, zirkulazio edo herri-garraioen ondorioz gertatuak, jendetza handiak biltzetik gerta daitezkeenak... Horrelako larrialdi egoerei modu egokian erantzuteko, lehendabizi, herri prebentzio jarduerak bultzatu behar dira. Hau da, prebentzio eta sentsibilizazio lana egin behar da arriskuen berri eman eta horiek saihesteko bideak azalduz.
Egoera horien aurrean baliabide egokiak izateko, Zumaiako Udalak larrialdi plana bultzatu du. Udalerriko arriskuak eta elementu ahulak identifikatu eta aztertzea da lehen helburua. Ondoren, prebentzio neurriak zehaztu, antzemandeko arriskuak saihestu edo gutxitzeko. Gainera, biztanleei ere hartu beharreko babes neurriei buruzko argibideak eman behar zaizkie. Udal eremuan larrialdietako eskuhartzeko antolamendu egitura eta jardunbideak eratzea ere eskatzen du larrialdi planak; eta herritarren laguntza boluntarioen bitartez udal taldeen antolamendu egokia txertatzea, baliabide espezializatuekin batera.
Larrialdi egoeren aurrean boluntario lana egin nahi duten herritarrak deitu dituzte astelehenean 19:00etan egingo den bileran parte hartzera.
Bileran parte hartu nahi duten herritarrek, aurrez izena eman beharko dute Udaltzaingoan edo udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoan, 09:00etatik 14:00 etara bitartean. Bihar da horretarako azken eguna.