Hasiera batean EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako adierazpenarekin bat egin du EAJ-PNVko udal taldeak, eta gaur arratsaldeko udalbatzarrean hiru udal taldeen izenean aurkeztuko dute. Zumaia errefuxiatuen babes-hiri izateko adierazpena jasotzen du gaur onartuko duten agiriak.
Azkenaldian Europak bizi duen migrazio fluxua «errealitate geldiezina» dela onartu eta «drama humanoaren» aurrean «mendebaldeko agintarien ezintasuna eta geldotasuna» salatzen ditu adierazpenak. «Azken urteotan barne gerrek eta okupazio militarrek exodoak eragin dituzte Sirian, Iraken edo Afganistanen. Azkenaldian, horri beste errealitate bat gaineratu zaio, fanatikoa eta muturrekoa, Ekialde Hurbila ez ezik, Europako herrialdeak ere atentatu eta beldurra hedatzeko ekintzez kolpatu dituena».
Errealitate horren aurrean, jarrera aldaketa eskatzen diote Europako Batasunari: «Irtenbidea konplexua dela jakinda, onartezina da Europako Batasunaren eta haren gobernuetako agintari politikoen isiltasun mingarria. Gatazkek eta giza eskubideen urraketak eragindako migrazio fluxu honi ezin zaio erantzun alanbre hesiez».
Krisiari erantzuteko, Zumaiak errefuxiatuak hartzeko konpromisoa hartu eta krisi humanitarioari modu aktiboan erantzuteko erabakia hartuko du Zumaiako Udalak gaur 18:00etan egingo den udalbatzarrean.