Yeregitarren erlojua zaharberrituta (Gorka Zabaleta).
Hamabost bat urte zeramatzan yeregitarren erlojuak Zumaiako Artadiko San Migel elizako kanpandorreko bazter batean gordeta, 2000. urtean Iñaki eta Sabin Yeregik familiarentzat berreskuratu zutenean. «Erlojuak 1985ean utzi zion ordua emateari; 1988an berria jarri zuten, Murua enpresak egindakoa. Orduz geroztik, bazter batean zeukaten gordeta, apaizak txartartegira eramateko asmoa azaldu zuela jakin zuten arte», azaldu du Xabier Alvarez Yeregik; «aitonak egindako erlojua zela azaldu zioten orduan Iñaki eta Sabin osabek, eta handik etxera ekarri zuten». Etxe aurreko lorategian jarri zuten, garbitu eta pintatuta, martxan jarri gabe.
Duela pare bat urte, ordea, erlojua gero eta okerrago zegoela ikusirik, erlojua konpontzeko erabakia hartu zuten, Xabier Alvarez eta Sabin Yeregi ekimenaren buru zirela. Mimoz egindako lana izan da, orduak eta orduak eman dituzte piezak garbitzen eta konpontzen. «Lanean hasi ginenean geure buruari hitz eman genion zaharberritze ez inbaditzailea egingo genuela, pieza zaharrak mantentzeko ahalegina egingo genuela, eta berriren bat sartu behar bazen, erreplika egiteaz gain, zaharra gorde eta aldaketaren zergatia idatziz jasota utziko genuela».
Lan nekeza izan da, baina emaitzarekin harro egoteko arrazoirik ez zaie falta. XVIII. mendetik erlojugintzara eta ondoren motorgintzara lotuta egon den familiaren ikurra da erlojua.
Igande eguerdian egin zen erloju zaharberrituaren inaugurazio ekitaldia, eta aukera paregabea izan zen belaunaldiz belaunaldi Zumaian industria bultzatu duten familia ekintzaileen eta langileen lana goraipatzeko. Hala azpimarratu zuen ekitaldian parte hartu zuen Arantxa Tapia Industria kontseilariak. Gaur egun hainbeste aipatzen den ekintzailetzaren eredu jo zituen yeregitarrak, eta erlojua bera hartu zuen adibide: «Zaharberritu eta lehengoa gordetzeaz gain, teknologia berria ere jarri diozue osagarri, bere funtzioa hobetzeko; lehengoa bere horretan gordeta, garai berrietara egokitu duzue».
Ondarea babesteko premia
Oier Korta alkateak ere industriak Zumaiako ekonomian eta izaeran daukan pisua azpimarratu zuen, eta gogora ekarri zituen hori posible egin duten herriko hainbat familia. «Industrian, nagusien eta langileen artean izaten diren tentsioen gainetik, guztien lana aitortzeko» aprobetxatu nahi izan zuen ekitaldia alkateak, «yeregitarren erlojuak bezala, industriaren eta Zumaiaren gurpilak aurrera jarrai dezan».
Ekitaldiaren barruan, industria ondarea babesteko eskaera egin zien ZIIZ elkarteko kide Ismael Manterolak han bildutako agintariei. «Zumaian, zoritxarrez, industria ondare gehiena suntsitu egin dugu. Gaur egun, Moilaberriko estazio zaharra eta Narrondo auzoko La Zumayana zementu fabrika gelditzen zaizkigu. ZIIZek proiektu zehatzak aurkeztuko ditu laster, eta agintariei eskatu nahi diegu, mesedez, aintzat hartzeko».