Zumaiako EH Bildukoek egindako agerraldia (Izaskun Urbieta)
Astelehenean bete ziren 100 egun Zumaiako alkatetza EAJk hartu zuenetik. Denbora honetan, hausnarketarako tartea hartu du EH Bildu osatzen duen lantaldeak, eta EAJri elkarlanerako eskaintza egitea erabaki du koalizioak.
«Jarrera eraikitzailea dugu, politika egiteko beste modu bat lantzea da gure nahia eta, horregatik, elkarrekin garatzeko bideak zabaldu nahi ditugu», adierazi zuen Alex Oliden EH Bilduko zinegotziak. «EH Bilduk aurkeztu zuen herri programa, baita EAJk ere, eta bi alderdion programetan herriarekin lotuta elkarrekin lantzeko moduko puntuak ugariak zirela agerikoa zen. Baina, badirudi elkarlanerako asmoak alde batera geratu direla», iritzi zion. «Horren aurrean, eta alderdion interesen gainetik, Zumaiarentzat hoberena dena lehenesteko eskaintza luzatzen diogu, partekatzen ditugun puntuak elkarlanean garatuz eta ekarpenak eginez», jarraitu zuen. Hori dela-eta, herri programa berrikusi dute, eta «lanketa sakon baten ondoren», dokumentu berri bat aurkeztu zuten herenegungo agerraldian.
Guztira 12 ataletan banatua dago, eta bertan, zumaiarren ongizaterako 40 proposamen irakur daitezke. Dokumentu osoa Interneteko helbide honetan ikus daiteke:
issuu.net/ehbilduzumaia/docs/40proposamen.
«Edozein ekarpenetarako irekita gaude, eta herriko eragileak eta norbanakoak animatu nahi ditugu beraienak egitera. Horretarako,
zumaia@ehbildu.net helbidera idatzi daiteke».