Etxaniz: «Daukagunari eustea izango da TKE Ligan lehiatzeko oinarria»

Gorka Zabaleta 2015eko irailaren 22a

Hurrengo denboraldian arraunaren maila gorenera bueltatuko da Zumaia, kanporaketako bi estropadak irabazita. Getariak ezin izan du helburua bete.Mailaz igotzeko itxaropena bazuten Telmo Deun arraun elkartean, baina inor gutxik aurreikusiko zuen kanpora...

Hurrengo denboraldian arraunaren maila gorenera bueltatuko da Zumaia, kanporaketako bi estropadak irabazita. Getariak ezin izan du helburua bete.

Mailaz igotzeko itxaropena bazuten Telmo Deun arraun elkartean, baina inor gutxik aurreikusiko zuen kanporaketako bi estropadak irabazita itzuliko zela Zumaia San Miguel Ligara, hamabi traineru onenen artera. Igande arratsaldean, arraunlariek Kofradiako balkoian herritarren txaloak jasotzen zituzten bitartean, hala aitortu zuen zuzendaritzako kide Luix Unanuek, garai batean enkantea egiten zen gelatxoan: «Gaur [igandean] negar egin dugu, denok: arraunlariek, zuzendaritzakook, jarraitzaileek... Ikaragarria izan da. Bermeon irabazi eta hemen Portugaleten berriro... Eta nola, gainera: lehen ziabogan atzetik ginela ikusi dugunean, kezkatzen hasi gara; baina azken luze hori... Ikaragarria izan da. Zortzi segundo ginen atzetik, gero laura ginela, hirura, eta azkenean irabazi!». Ez sinestekoa Portugaleteko amaiera.

Portugaletekoak, baina, 18 ordu lehenago izan zuen hasiera, Bermeon. Itsaso zabalean jokatutako estropada, trabeska jotzen du olatuak eta Zumaiak bazuen han lehen urratsa egiteko konfiantza. Elkarteko presidente ohi Luis Mari Goikoetxeak bigarren postua iragarri zuen astebete lehenago, Donostiako arrapalan. Baina aurreikuspen guztiak hautsi ditu asteburu honetan Telmo Deuneko kuadrillak. Bermeon estropada burua hartu zuten hasieratik eta halaxe amaitu zuten, lau luzeetan lan biribila eginez, beraien berezko arraunkera galdu gabe, behar baino lehen irabazi nahi izateagatik erritmoa gehiegi bizkortu gabe.

Hiru eta lau segundora sartu ziren Getaria eta Portugalete, hurrenez hurren; atzerago Mugardos. «Portugaletera nahiago lau punturekin joan birekin baino», zioen Anjel Etxaniz presidenteak, Bermeoko estropada amaitu berri; «baina inolako konfiantzarik gabe goaz, dena eman eta estropada irabaztera».

Esatetik egitera alde handiegia izaten da askotan, baina igandean ez; igandean, irabaztera atera eta irabazi egin zuen berriro Telmo Deunek.

Estropada ez zen, hala ere, nahi bezala hasi. Portugalete txikitzera atera zen, Getaria ere saiatu zen bizkaitarrek ezarritako erritmoari eusten, eta Mugardosek ere ez zuen atzean gelditu nahi... Konturatzerako ia hamar segundoko atzerapena zuen Zumaiak Portugaletekiko. Getaria gogor atera zen, baina ez zuen egunik onena izan. Arraunkera erabat galduta aritu ziren, eta lehen luzean egindako ahalegina garesti ordaindu zuten amaieran. Getariak denboraldi bikaina egin du, KAE1 Liga irabazi du bigarrenez jarraian, baina kanporaketan berriro kale egin du eta helburua gauzatu gabe gelditu da beste behin.

Portugaleteko azken ziaboga bigarren postuan eman zuen Zumaiak, nahikoa mailaz igotzeko; Portugalete zortzi segundora zegoen, gehiegi garaipenean pentsatzeko. Eta orduan, espero gabekoa gertatu zen. Haizea eta korrontea kontra, erreka bazte- rrean bilatu zuen Telmo Deunek biderik samurrena; eta 2016ra itxaron gabe, maila goreneko trainerua direla erakutsi zuten. Ez sinestekoa, baina helmugan Portugaleten aurretik ziren. Orduan askatu ziren denboraldiko neke, tentsio eta nahigabe guztiak. Orduan eromena, poza eta negar malkoak.

Zuzendaritzaren txanda

Ospatzeko eguna zen igandea, baina dagoeneko hasi da zuzendaritzarentzat bulegoko lana. «Orain konturatuko gara zer egin dugun, non sartu garen», azaldu du Etxaniz presidenteak. Taldearen bizkarrezurrari eta Patxi Frances eta Rafa Gonzalez Txabarri entrenatzaileei eustea izango da lehen erronka. «Hori izango da oinarria. Gero, lehen ibilitako batzuk tentatzen saiatuko gara. Batzuei esan diet, hasteko abdominalak egiten».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide