Telmo Irureta, aktorea: "Denok dugu besteei zerbait eskaintzeko"

Baleike.Eus 2015ko ira. 18a, 06:50

Jendartearen Bidaide antzezlaneko aktoreetako bat da Telmo Irureta zumaiarra

Telmo Irureta aktore zumaiarra (Izaskun Urbieta) Gaur, irailak 18 (ostirala) Usurbilen estreinatuko duten Jendartean bidaide antzezlaneko aktoreetako bat da zumaiarra. Inklusioaren gaia jorratu dute obra honetan, eta amaieran solasaldia izango da. Donostiako antzerki eskolan ikasketak amaitu zituen maiatzean, eta hau da eskolatik kanpo Telmo Iruretaren (Zumaia, 1989) lehenengo esperientzia oholtzaren gainean. Jendartean bidaide antzerki lana gaur estreinatuko dute, 19:30ean, Usurbilgo Sutegi antzokian. Nola definituko zenuke antzerki obra hau? Jende ezberdinez osatutako talde batek sortuko duen lan baten prestaketa da. Gizartearen isla. Ez dago pertsonaiarik. Bakoitzak bere papera interpretatzen dugu, eta obran ere ni Telmo naiz. Dena den, gidoi bat dugu eta hori Alex Tellok idatzi du, antzezlanaren zuzendariak berak. Antzerki lan bat sortzeko prozesua da antzerkiaren beraren gaia. Bai. Lan baten entsegua da, edo hobeto esanda, entseguen aurretik egin beharreko lana. Ondorioz, antzezlan bat prestatzen ari den aktore talde batek dituen zalantzak agertzen dira bertan: Zer egingo dugu hemen? Publikoak ulertuko du hau? Eta abesti hau kantatzen badugu? Horrelako galderak formulatuko ditugu. Gure artean hitz egiten dugu, proposamenak agertuko dira, ideiak… Antzerkia antzerkiaren barruan kontzeptua da. Azken finean gure obra baten ideiaren garapena da, amaieran publikoari aurkeztuko diogun lan bat. Azken lan hori, koreografia edo dantza antzeko bat izango da. Egunero gattunk artistak da antzerki obran zehar prestatzen ari garen ikuskizunaren izena, urrian Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaiaren leloari erreferentzia eginez. Jendartean bidaide. Zergatik izenburu hori? Denok egiten dugu bizitzan aurrera egiteko bide bat. Eta bide hori beste hainbat pertsonekin batera egiten dugu. Antzerkia inklusioaren gaiarekin dago lotuta. Denok gara ezberdinak, baina denok aportatzen dugu zerbait. Hau ez zen berdina izango zu gabe, edo ni gabe. Bakoitzak bere funtzioa dauka bizitzan. Hori da antzerkiaren mezua. Gure taldean ere denok ezberdinak gara. Adin ezberdineko pertsonak gaude, emakume nahiz gizonezko, ezintasunen bat duen jendea eta ez duena... Ezberdinak gara, baina elkarrekin eta publiko batentzat lan bat ateratzeko gai izango gara. Zein da zuen helburua? Ikusleari pentsaraztea, hausnartu dezan. Antzokitik ateratzen direnean ez dakit zer pentsatuko duten, baina antzerkiak irauten duen minutuetan behintzat, denok besteari zerbait eskaintzeko dugula konturatu arazi nahi dugu ikuslea. Gidoia bat, baina bakoitza den bezalakoa agertzen da obran. Nola osatu duzue orduan gidoia? Ez dut uste oholtzan gure egunerokoan bezala azaltzen garenik. Beno, bai, baina ez guztiz. Lehen aipatu bezala, Alexek asmatu du gidoia. Hala ere, hasieratik bere ideia aurkeztu eta idatzitakoa erakutsi zigun. Horrela esaldiren bat ez bazitzaigun gehiegi gustatzen, ez genuelako hala esango, aldatzeko aukera izan genuen. Azkenean gidoiak gure ukitu pertsonalak ere baditu, eta hori ere gustatu zaio zuzendariari. Beraz, gidoia pixka bat denon artean moldatu dugu. Zaila da nobere burua interpretatzea? Ez. Erosoagoa da, eta eroso nago. Baina erraza da talde honetan eroso sentitzea. Oso jende ona dago hemen, eta hauekin lan egiteak poza ematen dit. Aktore guztiok dugu pisua obran, baina Xanti Agirrezabala eta biok gara testu gehien dugunak. Pertsonaia kontrajarriak gara. Bereak dena negatiboki ikusten du: zalantzak ditu, ez daki prestatzen ari garenak funtzionatuko duen, ez du konfiantza handirik ezerengan… Eta nirea kontrakoa da: dena positibo ikusten du, eta laguna animatzen saiatuko da. Antzerkiak mezu positiboa helarazi nahi du orduan. Bai, erabat, eta mezu positiboa helarazteaz gain, emozioekin jolastu nahi dugu. Badirudi, ni aulkian nagoelako, eta gauza batzuetarako Xanti baino muga gehiagorekin, berak animatu beharko nauela, eta ez alderantziz.  Baina obran Xanti da triste dagoena. Kontraste horrekin jolastu nahi dugu. Bizitza honetan lortzen den guztia bakoitzak dituen gogoen araberakoa da, eta hori da behar duguna. Antzerki lan osoa zeinu hizkuntzara itzulita egongo da, ezta horrela? Hala da. Inklusioaren gaia jorratu dugunez, antzerki obra zeinu hizkuntzan itzulita egongo da une oro. Bi emakumek egingo dute lan hori, Jugatx Agirrek eta Ainhoa Moiuak. Horrez gain, eta aktore nagusiez aparte, amaieran beste pertsona batzuk igoko dira oholtzara. Horietako bat gorra da, eta berak ere zeinu hizkuntza erabiliko du Jugatxek eta Ainhoak bezalaxe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide