"Orokorrean gustura gaude egindako denboraldiarekin"

Baleike.Eus 2015eko irailaren 16a

Irati Osa bederatzigarren izan da Munduko Txapelketan Ainhoa Hidalgorekin batera. Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak, berriz, hamaikagarren postua lortu zuten.

Imanol Barruetabeña eta Irati Osa Zumaiara itzuli berritan (Izaskun Urbieta) Hungariako Gyor herritik etorri berri dira Irati Osa eta Imanol Barruetabeña zumaiarrak. Bertan izan dira Munduko Maratoi Txapelketa jokatzen asteburuan jubenil mailan. «Izugarrizko esperientzia izan da», adierazi dute biek. Irati Osak bederatzigarren postuan bukatu zuen Ainhoa Hidalgo bizkaitarrarekin osatutako K2an, 1:27:40 denborarekin. Imanol Barruetabeña, berriz,  Unai Gereka getariarrarekin batera, hamaikagarren sailkatu zen 1:32:00 denbora eginez. Bi gazteek kontatu dutenez, estropada jokatzeko baldintzak ez ziren oso onak izan. «Apenas zegoen urik ibaian. Gainera, korronte dezente zegoen, eta horrek zaildu egiten zuen gure lana», kontatu du Osak. Larunbatean jokatu zuen bere lasterketa zumaiar gazteak. «Irteera kaskar xamarra eman genuen, baina lehenengo ziabogarako seigarren postuan jarri ginen», azaldu du. Estropadan zehar erritmo onarekin eta lan txukuna egiten ari ziren. «Gustura gindoazen, baina lehorreko lehenengo eramatean ura sartu zitzaigun piraguara, eta gure xukaderak ezin zuen dena ondo atera. Orduan geratu egin behar izan genuen», kontatu du. Bigarrengo eramatean ere aldameneko bikoteak istripu txiki bat izan zuen, eta Osaren eta Hidalgoren piraguan ura sartu zitzaien berriro. «Saiatu ginen aurrean zijoan taldea harrapatzen, baina ezin izan genuen». Behin lasterketa bukatuta, gustura geratu ziren egindako lanarekin. «Geure estropada egin genuen, eta sentsazio onekin bukatu genuen, baina era berean, penarekin. Taldea galtzeak pena eragin zigun. Izan ere, talde horretan joateak postu batzuk aurreratu ahal izatea ahalbidetu zezakeen. Baina, tira, gustura gaude», amaitu du. Nahi eta ezin Mutil jubelinen txanda igandean izan zen. Espainiako eta Europako txapeldunak dira, eta denboraldia bukatzeko azken estropada ilusioz markatuta zuten biek. «Ongi prestatuta joan ginen Hungariara. Helburu zehatzik ez genuen, baina bai aurreko postuetan egoteko esperantza edo nahia», kontatu du Barruetabeñak. Egun horretan urduri xamar esnatu zela aitortu du, baina gogotsu ekin zioten estropadari. «Irteera oso ona eman genion, bagenekien bestela zaila izango zela aurreratzea», adierazi du. Aurreko taldean jarri ziren, bost bikotek osatutako taldetxoan. Ziaboga eman zuten eta han atzean geratu ziren, baina pixkanaka berriro ere aurkariengana hurbiltzen joan ziren. «Ondo gindoazen, baina niri gorputza huts egiten hasi zitzaidan. Ezin nion egoerari buelta eman, eta beheruntz joan ginen», azaldu du. Gerekak animatu egiten zuen, baina berak ezin zuen gehiago. «Burua lanean hasten zaizunean gutxiago, gainera», esan du. «Ez zen nire eguna izan, eta azkenean 11. bukatu genuen. Penarekin, azkenean udara guztia horretarako entrenatu genuelako eta aurrerago amaitzeko esperantza genuelako». Denboraldia bukatu berri dute, eta nahiz eta azken emaitza hauek sentsazio gazi-gozoa utzi, gustura daude burutu duten denboraldiarekin. «Eskerrak eman nahi dizkiogu Xabiri eta Joxemari, beti hor egon baitira entrenamenduak prestatzen, masajeak, aholkuak ematen… Eta, nola ez, Itxas-Gaineko taldekide guztiei ere bai. Beraiek gabe ez zatekeen posible izango hau guztia». Xabier Osa bikain bakarka nahiz binaka Itxas-Gain piragua taldeak beterano mailan ere ordezkaria izan zuen Munduko Txapelketan lehian. Xabier Osa izan zen Hungariara bidaiatu zuen piraguista, eta bi probatan hartu zuen parte zumaiarrak: bakarka eta binaka. Asteazkenean bakarkako finala jokatu zuen Osak, eta zilarrezko domina lortu zuen bertan. Ostegunean, berriz, binakako proban hartu zuen parte, eta han urrezko domina lortu zuen bikoa osatzen duen Luis Medrano piraguistarekin batera (Valladolid, Espainia). Lasterketa, baina, ez zen erraza izan. «Errusiako piragua misto batek ziaboga hartu beharrean jo egin gintuen, eta lema ukitu zuen», kontatu du. Konpontzeko aukera izan zuten, ordea, eta hori esker, lasterketa bukatu eta irabazteko aukera izan zuten. Osak eta Medranok 1:33:10 denborarekin amaitu zituzten lasterketako 22,2 kilometroak. Bigarren postuan frantziarrak sailkatu ziren 1:36:22 denborarekin, eta hirugarren Espainiako Jorge Cinto Humbria eta Giuseppe Canu, 1:41:51 denborarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide