Atzo bakarkako proban zilarrezko domina irabazi zuen Zabier Osa zumaiarrak, gaur urrezkoa eskuratu du K-2an, beteranoetan, Hungariako Gyor herrian jokatzen ari diren Munduko piraguismoko txapelketetan. Luis Medrano Valladolideko piraguistarekin osatu du ontzia aurten ere. Nahiz eta istripu txiki bat izan duten, hiru minutu pasako aldearekin lortu dute garaipena.
Beteranoetan parte-hartzea oso handia ez zelako, hiru mailetako piraguistak batera ateratzeko erabakia hartu du antolakuntzak. "Hogeitik gora izango ginen eta horrek konplikatu egin du kontua", azaldu do
Baleike.eus-i Hungariatik Osak. Lehen taldean sartu dira eta Osa eta Medrano eta itzuli eta erdirako alde handia atera diote bigarren sailkatuei.
Amaitzetik hurbil, baina, istripu txiki bat izan dute. "Errusiako piragua misto batek, ziaboga hartu beharrean, jo egin gaitu eta lema ukitu du". Urrezko domina lortzeagatik pozik baino, estropada amaitzeagatik oraindik pozago zegoela zirudien, eskumuturreko minarekin dagoelako.
Mundialeko bere bi probak domina banarekin amaitu ditu Osak, zilarra bakarka eta urrea bikoan. Igandera arte jarraituko du Gyorren, alaba Iratiren eta Ainhoa Hidalgoren proba ikusteko larunbatean, eta Unai Gerekarena eta Imanol Barruetabeñarena igandean.