Zazpi orduko triatloi saioa egingo dute bihar Zumaian eguerdian hasita

Juan Lui S Romatet 2015eko irailaren 10a

Bederatzigarren Sprint Triatloiaz eta laugarren Triatloi Herrikoiaz gain, ZTT-k haurrentzako duatloia antolatu du aurten lehen aldiz. 13:00etan hasiko dira saioak.

Heldu da triatloiaren ordua. Bihar, arratsalde parean, IV. Triatloi Herrikoia eta IX. Sprint Triatloia jokatuko dira. Aurretik, eguerdian, haurrei zuzendutako I. Duatloia izango da. Azken hau da aurtengo berrikuntza nagusia. Zumaiako Triatloi Taldeak (ZTT) bigarren etapa honetan antolatzen duen laugarren saioa izango da aurtengo hau. Aurrekotik alderatuta, data eta distantziak aldatu dira: «Lehen ekainean egiten zena, orain irailean egiten da», dio Andoni Agirre ZTTko kideak. Horrez gain, lehen distantzia olinpikoa egiten bazen, azken lau triatloietan, sprint modalitateko proba burutu da. Triatloi mota honetako distantziak honakoak dira: 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Horrekin nahikoa ez, eta proba herrikoia ere antolatu dute denbora honetan. Proba nagusiaren distantzia erdia du honek: 350 metro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrikan. Igeriketa saioak Urolaren itsasadarrean egiten direnez, mareak kontuan izan behar dira ordutegiak ezartzerakoan. «Kontuan hartu behar da, gainera, marea biziak egokitzen direla. Herrikoiak itsasgora baino ordubete lehenago aterako dira. Hala, igerian, ibaian gora, marearen laguntza izango dute. Sprintekoak ura gorenean dagoenean aterako dira». Boxak, aurrekoetan bezala, Gernika parkean ezarriko dira. Proba herrikoia 15:30ean hasiko da. Arranpla paretik hasiko dira igerian. Ibaian behera metro batzuk egin ondoren, buelta emango dute eta Gernika parke aldera egingo dute. Moilaberriko zubiko eskaileretatik lehorreratuko dira eta, boxetan aldatu ondoren, txirrindularitza proba hasiko dute. Mendaro Marinelatik aterata, Axular ibiltokitik Txikierdira helduko dira, eta handik Oikiarako bidea hartuko dute. Xeyko biribilgunean buelta eman eta, Beduko aldapa igota, Zumaiara itzuliko dira. Korrika saioan parolaldera joango dira; barra berriko puntu batean buelta emango dute, berriro Gernika parkera itzultzeko. Han kokatuko da helmuga. Sprinteko proba 17:00etan hasiko da emakumezkoen kategorian, eta 17:15tan gizonezkoetan. Igerian, arranplatik aterata Abascaleko eskailera pareraino egingo dute ibaian behera, eta handik gorantz egingo dute. Txirrindularitzan Forjas Iraeta enpresaraino (Aizarnazabal) joango dira, han buelta eman eta Zumaiara itzultzeko. Korrika bi itzuli emango dizkiote zirkuituari. «Lehen itzulia egitean zinta bat emango diegu itzuli hori eman dutela konprobatzeko». Izen ematea itxita Parte hartzearekin ezin pozago daude antolatzaileak. «Triatloi herrikoirako izena emateko aukera orain hilabete itxi genuen. Sprintekoa gehiago kostatu da. Hasieran esaten nuen gustura egongo nintzela 300 parte-hartzailerekin, baina asteburu honetan gora eta gora egin du, eta igandean itxi genuen». Guztira 160 parte-hartzaile izango dira proba herrikoian, eta 380 sprintekoan. «Zumaiakoak badu zerbait jendea erakartzeko. Orain gutxi Sestaoko triatloia jokatu da, eta 130 triatleta inguru izan dira maila guztiak batuta. Gurean 540 izango dira. Horiei ikustera etorriko diren lagunak, familiartekoak eta ezagunak gehitu behar zaizkie. Azkenean, giro oso polita sortzen da... beti ere, eguraldiak laguntzen badu». Iragarpenak egunetik egunera aldatzen ari direla dio Andonik. «Larunbat eguerdira arte ona ematen du. Baina, hego haizea izango da, eta baliteke ekaitzen bat izatea». Aurtengo berrikuntza haurrei zuzendutako duatloia izango da. 13:00etan hasiko da proba. «Guk triatloia izatea nahi genuen, baina ordu horretan marea oso behean dago, eta ezingo litzateke igeriketa proba egin». Hori dela-eta, korrika eta bizikleta gainean ibiliko dira haurrak. Bi maila izango dira: benjaminak (3. eta 4. mailak) eta kimu edo alebinak (5. eta 6. mailak). Bietan korrika saio batekin hasiko dira; ondoren, txirrindularitza proba egingo da (1.000 metro benjaminentzat eta 2.000 metro kimuentzat) eta amaitzeko beste korrika saio bat egingo dute, beti ere Gernika parke inguruko bidegorrietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide