"Bizirik gaude oraindik"

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 8a

Zumaiako arraunlari Oihana Erkizia bere kide bat besarkatzen, estropada amaieran (Estitxu zabala/Irutxuloko Hitza). «Estropada amaituta, sentsazioa ona da, hirugarren bukatu dugu baina hiru segundora gaude, bizirik gaude oraindik eta datorren igandean aukerak dauzkagu bandera irabazteko». Zumaiako arraunlari Libana Taboadaren hitzek itxaropena islatzen dute, nahiz eta taldeak gazi-gozoarekin bukatu zuen Kontxako Banderako lehen igandeko estropada jardunaldia. «Gorputzaldi txarra gelditu zait; zailena egin dugu, aurretik atera gara ziabogan, baina gero kateatuta gelditu gara. Ondo joan gara, baina bueltakoan azkarregi joan gara bosgarren kalera», aditzera eman du Kike Manterola entrenatzaileak: «Olatuak harantz joatea eskatzen zuen eta lekurik gabe gelditu gara, estropada eremua amaitu egin zaigu... Hortxe galdu ditugu segundoak». Sailkatze estropadako erakustaldiarekin zerikusirik ez zuen izan herenegungo jardunaldiak. Lehia estua ikusteko aukera izan zen, eta hiru segundotan helmugaratu ziren San Juan, Hibaika eta Zumaia. Hiru traineruek parekatuta osatu zuten lehen luzea, eta alde eskasarekin bada ere, Zumaia izan zen ziaboga hartzen lehena; bigarrena San Juan, 2 segundora; hirugarrena Hibaika, 4 segundora; eta laugarrena Orio, 8 segundora. Itzulera erabakigarria Itzuleko luzean ontzi guztiek estriborrera egin zuten, eta Zumaiak bosgarren kalera jo zuen. Irla parean hiru lehenak berdinduta zihoazen, baina San Juan indartsuago heldu zen badiara eta aurrea hartuta, beretzat izan zen lehen igandeko garaipena. Hibaikak muturra sartu zion azken unean Zumaiari, eta gisa horretan bigarren postua bereganatu zuen.  «Bosgarren kalerantz joateari buruz, erabakiak momentuan hartu behar izaten dira eta ez da erraza beti asmatzea. Ondo atera izan balitz, denok txalotuko genuke. Ez dakit horregatik galdu dugun denbora edo ez baina, hala ere, hiru segundo ez da ezer», dio Zumaiako arraunlari Oihana Erkiziak. Oriotarrak izan ziren kaltetu nagusienak: laugarrenak izan ziren helmugan, pasaitarrengandik 13 segundora. Traineru horiak hasiera txarra eman zuen eta irteerari buelta eman ezinik atzetik joan ziren estropada osoan. «Pena izan zen, irteera txarra eman genuen, estropada hasi eta hamar segundora bi segundo atzetik gindoazen eta ibilbidean zehar segundoak galduz joan ginen», azaldu du Iñaki Arostegi Orio Arraun Elkarteko ordezkariak. Ziabogan zortzi segundoko atzerapenarekin iritsi ziren oriotarrak. Dena dela, bueltako luzean beste traineruen erritmoari eustea lortu, eta aldea mantendu egin zuten oriotarrek. «Amaieran, azken luzean egindako esfortzuak ondorioak izan zituen, eta segundo batzuk galdu genituen». Arostegik uste du Zumaia, San Juan eta Hibaika Orio baino  puntu bat gainetik daudela, eta hori «onartu beharra» dagoela. «Guk lanean jarraitu behar du­gu. Nesken taldea talde gaztea da, eta aurrerapauso handia egin du urtebetean. Iazko Kontxako Estropadara sailkatzea lortu genuen, eta aurten Euskotren Ligan aritu gara». Oriotarrei pena eman die beste urrats bat eman ez eta puntako traineruengandik gertuago ibili ez izanak, baina lanean jarraituko dute horretarako. «Arraunean burugogorra izan behar da, atzetik joan arren gogor lanean jarraitzea da sekretua». Emakumezkoen Kontxako lehen estropada borrokatua izan zen, eta bigarrena ere borrokatua izango dela aurreikusten da. Oihana Erkizia arraunlari zumaiarraren ustez, aukera guztiak daude irekita, nahiz eta nahiago lukeen hiru segundo horiek beren alde izango balituzte. «San Juan da faboritoa, Euskotren Liga irabazi du, baina ez dut uste gainontzekooi aparteko porrurik atera digutenik eta dena dago erabakitzeko». Orioko gizonezkoak uretatik ateratzen (Joxeju Olasagasti). Oriotarrak amorruz Gizonezkoen saioan Hondarribia izan zen azkarrena, eta haren atzetik sailkatu ziren Urdaibai, Orio eta Kaiku, hurrenez hurren. Lauko horrek osatuko du bigarren igandeko ohorezko txanda; nolabait esateko, San Miguel Ligako sailkapen orokorra errepikatu zen. Oriok eta Urdaibaik lehen txandan jokatu zuten proba, San Pedrorekin eta Donostiarrarekin batera, eta Hondarribiak eta Kaikuk bigarrenean, San Juanekin eta Tiranekin. Azken emaitzak ikusita, Hondarribiaren eta Urdaibairen artean izango da aurtengo Kontxako trapua, elkarrekiko bi segundoko aldea baitute. Orio eta Kaiku 14-15 segundora geratu dira, eta nekezagoa izango dute balentria egitea. Oriotarrek «amorru puntuarekin» amaitu zuten estropada. Lan ona egin zuten mirotzek,  eta estropada bukatzeko bi minutu falta zirenean Urdaibairengandik bost segundora jartzea lortu zuten. Badiara sartu orduko, ordea, Urdaibai tartea handituz joan zen, eta azken bi minututan 13 segundo atera zien oriotarrei. Orio Arraunketa Elkarteko ordezkari Iñaki Arostegik azaldu duenez, kaleak «kaltetu» egin zituen. «Olatuek estriborreko norabidea zuten, eta gu laugarren kaletik gindoazenez, ezin genituen olatuak hartu. Olatuaren aurka arraunean egin behar izan genuen». Emaitza espero zena izan ez bazen ere, oriotarrek ez dute amore emateko asmorik, eta ahal duten lanik txukunena egitera uretaratuko dira bigarren jardunaldian. «Helburua argi dugu, txanda irabaztera aterako gara. Jakin badakigu bandera irabaztea oso zaila izango dela, bi traineru baititugu aurretik. Hala ere, txanda irabazten saiatuko gara, eta bigarrenari ahalik eta segundo gehiena ateratzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide