Herriko merkataritza, ostalaritza, negozio txiki, enpresa, elkarte eta erakunde publikoen gida berria lantzen hasiko da Baleike irailean, Goiena-ren laguntza teknikoarekin. Gainera, eduki osagarriak izango ditu (mareen taulak, farmazien txandak...) eta hiru euskarritan argitaratuko da: webgunean, paperean eta sakeleko telefonoentzako bertsioan.
Zumaiarrentzat gidarik onena egitea, hori da Baleike-k bere buruari jarritako erronka. Herriko merkataritza gida da produktu berriaren bizkarrezurra, baina hori baino gehiago izango da. «Azken finean, zumaiarren eta kanpotik datozen bisitarien intereseko izan daitezkeen denda, negozio, elkarte, talde edo erakunde guztiak bilduko dituen gida egitea da helburua; Zumaia osoa sartu nahi dugu gidan», azaldu du Baleike-ko zuzendari Gorka Zabaletak. Eta hori guztia informazio praktikoarekin osatuko da: 2016ko mareen taula, farmazien txandak, garraio publikoa... «Urte osoan erabiltzeko moduko produktu bat egin nahi dugu, negozioen zerrenda hutsa baino gehiago izango dena».
Edukiekin batera, euskarrietan dator berrikuntzarik handiena. Gidak paperezko bertsioa izango du, eta herriko etxe guztietara banatuko da, debalde. Baina horrekin batera, Interneten ere argitaratuko da. «Baleike.eus webguneak sekulako indarra hartu du azken urteotan mila bisitatik gora egunean, dagoeneko herritarren erreferentzia nagusia da egunero herrian gertatzen denaz informatzeko. Erakusleiho bikain hori gure herriko merkatariei eskaintzeko formularen bila ibili gara azken urteotan, eta azkenean aurkitu dugu», dio Zabaletak.
Tokikomek garatutako plataforma digitalak dakarren tresna berritzailea da gida digitala, hain zuzen ere. «Gida digital honek ematen ditu iragarleek eta erabiltzaileek behar dituzten aukera guztiak. Negozio edo erakunde bakoitzak bere oinarrizko informazioa argitara dezake: argazkiak, mapa batean geolokalizatuta egongo da, negozioari buruzko bideoak integra daitezke, webgune propioak sortu... Eta hori guztia ondo antolatuta, modu oso erabilgarrian, eta Baleike.eus-eko erakusleihoan presentzia handiarekin».
Sakelako telefonoan ere bai
Gida digitalak, gainera, sakelako telefonoetara egokitutako bertsioa izango du. «Bertatik telefono zenbakira deitzeko aukera emango du eta, geolokalizazioari esker, lekura nora iritsi ere azalduko du». Beraz, gida bakarrarekin gaur egun beharrezkoak diren hiru bertsioak izango ditu herritarrak: papera, Internet eta eskuko telefonoa.
Gorka Zabaleta eta Agustin Zubimendi arduratuko dira lanaz. Dena den, interesa duen edonor jar daiteke zuzenean harremanetan, gida@baleike.eus helbide elektronikoa erabilita. Tarifei dagokienez, 90 euroren truke gidaren hiru euskarrietan agertuko da interesduna, urte osoan. Aukera dago paperean iragarki handiagoak kontratatzeko, eta digitalean ere aparteko zerbitzuak eskainiko dira (bideoa, webgune propioa, etab).