Irailaren 19an ospatuko da aurten Olarro Eguna. Hilaren 11ra arte dago zabalik lehiaketa gastronomikoan izena emateko epea. Batel estropadarako entrenatzeko 'Lasuna' batela erabil daiteke
Olagarro zopa eta olagarroa patatekin dira Zumaian olagarroarekin egiten diren bi errezeta klasikoenak. Horiek baztertu gabe, olagarroa prestatzeko errezeta berriak sustatzea da urtero Olarro Egunean egiten den lehiaketa gastronomikoaren helburua. Sukaldarien irudimena eta abilezia dira muga bakarrak.Lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago irailaren 11ra arte, eta hauek dira bete beharreko baldintzak: sukaldari profesionalek ezin dute parte hartu; bikoteka izango da lehiaketa, eta gehienez 22 onartuko dira izena eman den ordenaren arabera; izena ematearekin batera, prestatuko den errezetaren berri eman behar da. Izena turismo bulegoan eman behar da, irailaren 11 baino lehen turismoa@zumaia.eus helbide elektronikoa erabil daiteke.
Lehiaketaren eguna iristean hilaren 19an, 09:00etatik 13:00etara, beheko plazan— , olagarroan oinarritutako plater bat prestatu beharko da, ohiko eran (olagarroa patatekin) edo era berritzaile batean. Sei lagunentzako mokadua prestatu beharko da gutxienez. Sua, mahaiak eta olagarro freskoa (bi kilo) antolatzaileen kontura; gainontzeko osagaiak eta sukaldeko lanabesak, norberak.
Epaimahaiak baloratuko ditu zailtasuna, aurkezpena, zaporea, prestaketa puntua eta berrikuntza.
Batel estropada
Dozenaka lagunek hartzen dute parte urtero arraunaren herri festa bilakatu den batel estropadan. Estropada 11:00etatik 13:30era jokatuko da aurten, eta izena ematea zabalik dago irailaren 16ra arte. Parte hartzeko 13 urte eduki behar dira gutxienez edo aurten bete, eta kategoria bakarrean jokatuko dute denek. Talde bakoitza lau lagunek osatuko dute, mutil zein neska. Hala ere, soilik neskez osatutako batelen artean beste bandera bat izango dute jokoan. Gainera, parte-hartzaileen artean afari bat zozkatuko dute. Bandera irabazteko ezinbestekoa izango da taldeko lautik bi zumaiarrak izatea.
Estropada eremua itsas kiroldegitik Txomin Agirre kairaino joan-etorria izango da. Lasuna batela erabil daiteke entrenamenduak egiteko. Horretarako, turismo bulegoan egin behar da eskaera. Ordubeteko saioak egin ahal izango dira, doan, eta arraunak turismo bulegoan hartu eta utzi beharko dira. Batela, berriz, Txomin Agirre kaiko pantalanean egoten da lotuta.