Dinastia Etxabe pilota txapelketako irabazleak (Arritxu Salegui).
Dinastia Etxabe pilota txapelketako 44. aldiak baditu irabazleak. Jubenil mailan, Salaberriak eta Iruritak 22-7 irabazi zioten finalean Zubizarretak eta Eskuderok osatutako bikoteari; 23 urtez azpikoen txapelketan, berriz, Labaka eta Erostarbe 22-6 nagusitu ziren Elordi eta Lasaren aurka. Emaitzek ez dute gezurrik esaten: inork uste baino errazago lortutako txapelak izan ziren biak; baina partidak ez ziren txarrak izan. Bi bikote garaileek oso zentratuta jokatu zuten eta abiadura bizian erabili zuten pilota. Batak besteari lagunduz, egindako lanari etekin onena ateratzeko gai izan ziren bi bikoteak. Horixe falta izan zitzaien, hain zuzen ere, bi bikote galtzaileei finalak orekatu eta norgehiagoka estuagoak ikusteko.
Jubenil mailako finalari dagokionez, Iker Salaberria aurrelariaren lana azpimarratu du Jexux Iribar Olalde antolatzaileak: «Oraindik 16 urte betetzeko dago, eta harrigarria da pilotari lanak zein ondo betetzen dituen. Finalean 12 tanto egin zituen, era guztietan jotako pilotekin, eta sake-errestoan airez atzelariari lagundu nahirik bakarra galdu». Salaberriak ederki daki uneoro tantoaren nondik norakoak irakurtzen, badaki noiz sartu eta noiz lagunari utzi, noiz bizi astindu eta noiz geldiro utzi. Txalo zaparrada ederrak jaso zituen ikusleen partetik.
Irurita bikotekideak kolpe bikaina erakutsi zuen finalean. «Atzean bere lekua zaintzeaz gain, aurreko koadroetara etorri eta pilota aurrelariari eskatuz lan oso ona egin zuen, eta bere meritua ere bada Salaberriaren hain partida ona», azpimarratu du Olaldek.
Zubizarreta eta Eskudero bikote galtzailea, berriz, ez zen fin ibili finalean. Zubizarreta ez zen tantoak egiteko gauza izan, eta Eskudero ez zen izan Iruritari gailentzeko gai. Hala ere, txapelketa ona egin du bikoteak.
Labaka eta Erostarbe
Ikusmin handia zegoen final nagusirako, baina Labakak eta Erostarbek uste baino lan gutxiago egin behar izan zuten Elordiri eta Lasari irabazteko. Zestoako pilotalekuan bildutako zaleak segituan ohartu ziren Elordik ez zuela eskuin hatzeko lesioa erabat osatuta, ez baitzion pilotari ohi duen kolpearekin jotzen.
Peru Labaka aurrelariaren ausardia nabarmendu du Olaldek: «Ausart ibili zen errematatze garaian, kantxako ezker horma eta kontrakantxako eremuak ondo neurtuz bere ezker dotorearekin. Ezker airea oso ondo erabiltzen du, eta aukerako pilotekin tantoa erraz egiteko gai da». Erostarbe atzelariari dagokionez, ezkerrez zein eskuinez pilotari emandako abiadura azpimarratu du Olaldek. «Oso maila onean jokatu du, eta garbi esan genezake txapelketako atzelaririk onena izan dela». Bikote galtzaileari dagokionez, Elordik ezin izan zuen bere onena eman, eta Lasa ere ez zen Erostarbe gainditzeko gai izan.
Itzurungo Txapelketa
Txapeldunei sariak banatu ostean, omenaldia egin zitzaien Joxe Zubizarreta, Erramun Egaña, Alfredo Lopez eta Javier Carballo zumaiar pilotari ohiei. Datorren urtean Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko da txapelketako 45. aldia.
Bestalde, Zumaiako Itzurungo Pilota Txapelketa Arkaitz Astigarragak eta Gorka Iribarrenek irabazi dute, finalean Iñigo Tumas eta Julen Alkortari 22-17 nagusituta. Garaileak 17-5 aurreratu ziren arren, Tumas eta Alkorta 19-16raino hurbiltzeko gai izan ziren.