Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abuztuaren 15ean da lehiaketa goizean zehar
Kaleko pintura lehiaketa antolatu dute Zumaian abuztuaren 15erako. Goizez izango da Zumaiako kaleetan 09:00etatik aurrera, eta nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute, nahi duten teknika eta gaia aukeratuz.
09:00etatik 11:00etara bitartean, lehiaketarako euskarriak Zumaiako Oxford erakusketa aretoan zigilatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Euskarriak nahi izanez gero aurretik prestatuta eraman daitezke, baina gogorrak izan beharko dute gero antolatuko duten erakusketarako.
13:00etatik 14:00etara bitartean lanak bukatuta Oxford aretora eraman beharko dira, eta egilearen datuak eman beharko dira.
Parte-hartzaile bakoitzari bazkaltzeko txartel bat emango zaie. Kaleko pintura lehiaketan parte hartu ez baina bazkaltzera joan nahi dutenek txartela 15 euro ordaindu beharko dute. Bazkaria 14:30ean izango da.
Sariak
Kaleko pintura lehiaketako sari banaketa 18:30ean egingo dute. Lehen saria 800 eurokoa da; bigarrena, 500 eurokoa; eta, saritu gabeko lehen zumaiarrarena 300 eurokoa.
16 urtetik beherakoek arte materialekin osatutako saria jasoko dute: 12-16 urte bitarteko lan onenari eta 12 urte arteko onerari emango dizkiete.
Pintura lehiaketako lehen bi lan onenak Zumaiako Udalaren esku geldituko dira.
Gero, abuztuaren 16tik 30era lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa bat egingo dute, Oxford aretoan. Erakusketa antolatzeko epaimahaiak aurkeztutako lanen aukeraketa bat egingo du.