Apirilaren 30ean –aurreko agintaldian–, udal brigadako taldea osatzeko hiru lanpostu berri sortzea erabaki zuen Zumaiako Udalak. «Lan publikoaren aldeko apustua» egin zuen orduan udal gobernuak;baina erabaki hark udaleko kontu-hartzailearen kontrako txostena eragin zuen, Espainiako legea urratzen zuelako. Lanpostu publikoen kostea handitzeko aukerarik ez dute udalek, eta lantaldea handituta, legea urratzen zen. Hala ere, aurrera egitea erabaki zuten orduko agintariek. EAJk orduan kontrako jarrera adierazi zuen eta, agintera iritsi direnean, atzera bota dute erabakia–oraindik gauzatu gabe zegoen–. «Lehenik eta behin, legea urratzen duelako, eta gu ez gaude horretarako prest; baina, baita ere, brigadaren funtzioak ondo aztertu nahi ditugulako, definitzeko benetan nolako taldea behar dugun», azaldu du Oier Korta alkateak. Irailean aztertuko dute gaia.
Gaur egun, hiru dira lanpostu finkoa duten langileak. Beste hiruk obra amaitu arteko kontratua dute –gehienez hiru urtez luza daitezke kontratu hauek–, eta laugarren bat gizarteratze plan bati lotuta ari da lanean. Bestalde, uztailaren 2an, bi langileri obra amaitu arteko kontratua amaitu zitzaien.
EH Bilduren kontrako botoak jaso zituen erabakiak plenoan, aurreko udal gobernuak lan publikoaren alde egindako apustua babesten dutelako.
Bestalde, turismo sailean, 9.000 euro inguruko aurrekontua onartu du udalak uda partean langile baten zerbitzuak kontratatzeko. Kanpoko zerbitzu modura kontratatu denez, ez du eraginik legeak lanpostu publikoen kosteari ezarritako mugan.
Jadarreko horma egonkortzeko lanak egiten ari dira (Gorka Zabaleta)
Jadarreko horma
Duela zazpi urte Jadarre auzoan egin zen horma mugitzen ari da azken hilabeteotan, eta kentzea erabaki du udalak. «Azken hilabetean aurreko sei hilabeteetan baino gehiago mugitu da. Horregatik, erabaki dugu lehenbailehen lanak egitea, segurtasunagatik», azaldu du alkateak. Lan hauek egin ahal izateko 350.000 euroko aurrekontua osatu behar izan du udalak –kreditu aldaketa baten bitartez–. Berez, lana egiteaz arduratu ziren enpresei dagokie ordaintzea baina, zain egon gabe, udalak hartu du bere gain, ondoren dirua berreskuratzeko intentzioarekin. Campezok egin zuen lana, eta Altair arduratu zen lanak zuzentzeaz.
Beste erabaki batzuk ere hartu ziren asteleheneko ezohiko plenoan. Esate baterako, Oikiako eskola berria egiteko lurrak Jaurlaritzaren esku uztea onartu zen, aho batez. Aurrerantzean, Jaurlaritzaren ardura izango da urratsak egitea. Aurreikuspenaren arabera, 2017rako egongo da eskola prest.
Inpernuperen aldeko adierazpena
Inpernupe elkartea ixteko eta jabetza Espainiako Estatuaren esku lagatzeko erabakiaren aurkako mozioa onartu zen astelehenean, EAJ eta EH Bilduren botoekin. Udalak bidegabekeriatzat jo du erabakia, eta elkartasuna azaldu die elkarteko jabe diren 90 bazkideei eta erabiltzaile guztiei. «Bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean horrelako epaiak ez dira oztopo besterik», dio mozioak. PSE-EEk aurkako botoa eman zuen.