Udal brigadako hiru lanpostu bertan behera uztea erabaki du udalak

Gorka Zabaleta 2015eko uztailaren 29a

Aurreko agintaldian hiru lanpostu sortzeko hartutako erabakia atzera bota du udalak. Arrazoiak dira «legea ez urratzea eta brigadaren funtzioak definitzeko beharra».Apirilaren 30ean aurreko agintaldian, udal brigadako taldea osatzeko hiru lanpostu be...

Aurreko agintaldian hiru lanpostu sortzeko hartutako erabakia atzera bota du udalak. Arrazoiak dira «legea ez urratzea eta brigadaren funtzioak definitzeko beharra».

Apirilaren 30ean aurreko agintaldian, udal brigadako taldea osatzeko hiru lanpostu berri sortzea erabaki zuen Zumaiako Udalak. «Lan publikoaren aldeko apustua» egin zuen orduan udal gobernuak;baina erabaki hark udaleko kontu-hartzailearen kontrako txostena eragin zuen, Espainiako legea urratzen zuelako. Lanpostu publikoen kostea handitzeko aukerarik ez dute udalek, eta lantaldea handituta, legea urratzen zen. Hala ere, aurrera egitea erabaki zuten orduko agintariek. EAJk orduan kontrako jarrera adierazi zuen eta, agintera iritsi direnean, atzera bota dute erabakiaoraindik gauzatu gabe zegoen. «Lehenik eta behin, legea urratzen duelako, eta gu ez gaude horretarako prest; baina, baita ere, brigadaren funtzioak ondo aztertu nahi ditugulako, definitzeko benetan nolako taldea behar dugun», azaldu du Oier Korta alkateak. Irailean aztertuko dute gaia.

Gaur egun, hiru dira lanpostu finkoa duten langileak. Beste hiruk obra amaitu arteko kontratua dute gehienez hiru urtez luza daitezke kontratu hauek, eta laugarren bat gizarteratze plan bati lotuta ari da lanean. Bestalde, uztailaren 2an, bi langileri obra amaitu arteko kontratua amaitu zitzaien.

EH Bilduren kontrako botoak jaso zituen erabakiak plenoan, aurreko udal gobernuak lan publikoaren alde egindako apustua babesten dutelako.

Bestalde, turismo sailean, 9.000 euro inguruko aurrekontua onartu du udalak uda partean langile baten zerbitzuak kontratatzeko. Kanpoko zerbitzu modura kontratatu denez, ez du eraginik legeak lanpostu publikoen kosteari ezarritako mugan.

Jadarreko horma

Duela zazpi urte Jadarre auzoan egin zen horma mugitzen ari da azken hilabeteotan, eta kentzea erabaki du udalak. «Azken hilabetean aurreko sei hilabeteetan baino gehiago mugitu da. Horregatik, erabaki dugu lehenbailehen lanak egitea, segurtasunagatik», azaldu du alkateak. Lan hauek egin ahal izateko 350.000 euroko aurrekontua osatu behar izan du udalak kreditu aldaketa baten bitartez. Berez, lana egiteaz arduratu ziren enpresei dagokie ordaintzea baina, zain egon gabe, udalak hartu du bere gain, ondoren dirua berreskuratzeko intentzioarekin. Campezok egin zuen lana, eta Altair arduratu zen lanak zuzentzeaz.

Beste erabaki batzuk ere hartu ziren asteleheneko ezohiko plenoan. Esate baterako, Oikiako eskola berria egiteko lurrak Jaurlaritzaren esku uztea onartu zen, aho batez. Aurrerantzean, Jaurlaritzaren ardura izango da urratsak egitea. Aurreikuspenaren arabera, 2017rako egongo da eskola prest.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide