Getariako Arrantzaleen Kofradiaren eraikina oso zaharkituta dago. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Getariako portuko hainbat eraikin eta elementu berritu nahi ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, eta horretarako proiektu bat lantzen ari dira Europako Batasunean aurkezteko. Azken asteetan Euskadiko arrantza eta kirol portuak bisitatzen ari dira Ana Oregi sailburua eta Almudena Ruiz de Angulo Garraio Azpiegituren zuzendaria, eta tokian tokiko arazoak aztertzen ari dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren asmoa, Euskadiko portuetako azpiegitura guztiak hobetzea da. Halaber, lanak banaka aurkeztu beharrean proiektu bateratu batean aurkeztu nahi dituzte.
Ana Oregi sailburua eta Nika Lertxundi Getariako alkatea Getariako portuaz berriketan. (Eusko Jaurlaritza)
Pasa den asteazkenean eskualdean izan ziren. Getarian eta Zumaian, hain zuzen ere.
Getarian Arrantzaleen Kofradiaren eraikina eta Getariako izotz frabrika konpondu nahi dituzte. Izan ere, azken horrek etxaurrean korrosio-arazo larriak dituela nabarmendu dute. Bestetik, erretiratu eta profesionalen pantalanak berritzea ere proposatu dute, bertako zolua kaltetuta baitago.
Zumaian, bestalde, Zumaiako kanpoko kaimuturreko harri-lubeta indartu nahi dute, eta Talaipe jatetxea zegoen lokala birgaitzea aztertzen ari dira.
Getariako kirol portuan konponketa lanak
Konponketa lanak egiten ari dira Euskadiko Kirol Portuak erakundea eta Eusko Jaurlaritza. Alde batetik, kapitaintzaren eraikina berritzen ari dira, eta sarbidean hirigintza lanak egin dituzte irisgarritasun arauetara egokitzeko. Lanak bi zatitan egiten ari dira: lehen zatian dutxak eta komunak birmoldatu dituzte, eta 170.000 euroko aurrekontua izan du. Bigarren zatian, berriz, portuko bulegoak berrituko dituzte, eta 2016ko martxorako lanak bukatuta izatea espero dute.
Bestetik, kirol dartsenetako zolua ere egokitu dute, denboraren eraginez hondatu egin delako. Lanak amaitzeko bi pantalan berritzea falta zaie, eta horiek urte bukaerarako eta 2016ko apirilerako prest izatea espero dute.