Getariak lidertza sendotu du Zumaian, eta bigarren posturako lehian jarraitzen du Zumaiak. Orio laugarren eta bigarren izan da San Miguel Ligan. Euskotrenen, San Juanentzat bi banderak.
Getariak ondo bideratuta utzi du KAE1 Ligako lidertza asteburuan lortutako puntu sorta ederrari esker. Larunbatean maisutasunez irabazi zuen Zumaiako bandera, olatuak albotik jotzen duen estropada eremu deserosoan; igandean Zumaiak hartu zion aurrea Lekeition, baina bigarren postutik ez ziren jaitsi getariarrak, eta abuztuko estropadei konfiantzaz heltzeko moduan dira. Ligako talderik in- dartsuena eta orekatuena direla erakutsi dute, eta ez dirudi mailaz igotzeko kanporaketan sartzeko arazorik izango dutenik. Ezuste handia gertatu beharko litzateke helburua ez betetzeko. Gorabeheratsuagoa ari da izaten Zumaiaren ibilbidea KAE1 Ligan. Parekotasun handia dago traineruen artean, eta nahikoa da hanka sartze txikiena, kale txarra egokitzea, edo egunik onena ez izatea, hiru, lau edo bost postu atzera egiteko. Hala gertatu zitzaion Telmo Deuni larunbatean etxean jokatutako estropadan. Jarraitzaileen aurrean onena eman nahi eta ezin. Getaria, Ondarroa, Lekittarra eta Deustu-Bilbo izan zituen aurretik.Orio bigarren Getxon
Arantza horrekin joan ziren igandean Lekeitiora zumaiarrak. Urak bare, ederki moldatu ziren Patxi Francesen mutilak. Lehen luzetik erakutsi zuen Telmo Deunek estropada irabazteko grina; hirugarrenean lortu zuen alde erabakigarria. Getariak erantzun egin zuen azken luzean, baina Zumaiak errenta nahikoa zuen helmugara lehen postuan iritsi eta denboraldiko hirugarren bandera irabazteko. Garaipenak, bigarren posturako borrokatzeko puntuez gain, konfiantza handia emango dio Telmo Deuni abuztuan bere onena emateko.
Oriok estropada ederra egin zuen igandean Getxon San Miguel Ligan. Nagusi izan zen hirugarren txandan, Urdaibairi eta Kaikuri 14 segundo ateraz, eta San Juani 21. Baina igandean aurkari gogorrena bigarren txandan zegoen. Bezperan Hondarribia liderra bosgarren izan zen Nojako estropadan, eta igandean Getxon okerra zuzentzeko intentzioarekin atera ziren Mikel Orbañanosen mutilak. Denbora bikaina ezarri zuten (19:30), eta Oriok bost segundora gelditu zuen erlojua (19:35).
Asteburuko emaitzekin, Orio hirugarren postuan da sailkapenean (78 puntu), Hondarribia (101) eta Urdaibairen (90) atzetik.
Euskotren Ligari dagokionez, lehen aldiz San Juanentzat izan dira asteburuko bi banderak. Larunbatean Nojan pasaitarrek segundo erdiko aldea atera zioten Zumaiari; baina igandean, Getxon, aldea nabarmenagoa izan zen. Zumaiak zazpi segundoko atzerapena izan zuen, eta azken txanpan Hibaika bera gainera etorri zitzaion ia. Orio hirugarren izan zen Nojan eta laugarren Getxon. Zarauzko Banderako bi jardunaldietan erabakiko da Euskotren Ligako irabazlea.