Azkenaldian Zumaiako hainbat adingabek jasan dituzten jazarpenak salatzeko gaurko deitutako elkarretaratzearekin bat egin du Zumaiako Udal Gobernuak. 20:00etan da konzentrazioa, Alondegiaren aurreko Martxoaren 8ko plazan. Elkarretaratzera Zumaiako Berdintasun Foroak, Zumaiako Asanblada Feministak eta gurasoek deitu dute, Erasorik ez erantzunik gabe! lelo hartuta.
Zumaiako Udalak «elkartasuna» adierazi eta «behar duten laguntza guztia» eskaini die erasoa jasan duten adingabeei, beren familiei eta ingurukoei.
Udal gobernutik azaldu dutenez, azken hilabeteotako kasuak «puntualak» izan dira, eta dagoeneko hartu beharreko neurriak hartuta dituzte. «Zumaia herri lasai eta segurua da, eta horrela izan dadin segituko dugu lanean, hartu beharreko neurri guztiak hartuz», gaineratu dute udal gobernutik.
Protokoloa indarrean
«Jazarpen zein genero indarkeria kasuei modu egokienean eta koordinatuta erantzuteko Zumaiako Udalak sustatu eta hainbat eragilerekin elkarlanean osatutako protokoloa dugu indarrean», gaineratu dute udal agintariek. Eta, azkenaldian herrian gertatu diren sexu erasoen aurrean ere protokoloan zehaztuta dauden «pauso guztiak» ematen ari direla esan dute. Horrez gainera, herriko ikastetxeetan hezkidetza programa bat martxan dagoela ere gogorarazi dute: «Herriko ikastetxe guztietan LH eta DBH mailetako haurren eta gaztetxoen artean ere hezkidetza programa dugu martxan, eta jazarpen zein eraso kasuei aurrea hartzeko lanketa berezia egiten da».
Udal gobernuak herritar guztiak gaurko deituta dagoen elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu.
EH Bildutik ere deia
Zumaiako EH Bilduk ere herrian hainbat adingabek jasandako sexu erasoak gaitzetsi eta salatu ditu, eta gaurko antolatutako elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu herritarrak.