Azken boladan Zumaian gertatu diren eraso sexistak salatzeko elkarretaratzera deitu dute

Urola Kostako Hitza 2015eko uztailaren 22a

Zumaiako Berdintasun Foroak "gogor gaitzetsi" ditu erasoak. Elkarretaratzea ostiralean da, 20:00etan

Zumaian azken hilabetean jazarpen sexualen hainbat salaketa gertatu direla salatu du Zumaiako Berdintasun Foroak. Horien harira Erasorik ez erantzunik gabe! lelo hartuta ostiralerako (uztailaren 24rako) elkarretaratzea deitu du Magnolioaren parean. 20:00etan da. Zumaiako Berdintasun Foroarekin batera, Zumaiako Asanblada Feministak eta gurasoek deitu dute mobilizazioa. Berdintasun Forotik adierazi dutenez, "gogor gaitzetsi nahi ditugu azken boladan gertatzen ari diren eraso sexistak. Azken hilabetean, jazarpen sexualen hainbat salaketa gertatu dira Zumaian. Bi erasotzaile ezberdin aritu dira herrian zehar inpunitate osoarekin, neska ezberdinei eraso sexualak errepikatzen, tartean adin txikikoak izan dira batik bat".
"Zurrumurruak eta kasuen detaileetatik urrundu", eta erasoak sufritu dituzten neskei "babesik beroena" adierazi die Berdintasun Forotik: "Azken asteetan ikusi dugun gisan, indarkeria matxista ez da kasu isolatu edo anekdotiko bat, emakumeen bizitzetan ematen den errealitatea da, baita Zumaian ere". Herriko neska gazteek eta emakumeek kalean lasai ibiltzeko eskubidea dutela esan dute Berdintasun Forotik: "Ez dugu beldurrarekin bizi nahi gure egunerokoan, eta argi adierazi nahi dugu arazoa ez dela gurea, baizik eta erasotzaileak direla arazoa". Herritarrei erasorik edo ekintza arrarorik ikusiz gero salatzeko eskatu diete forokoek: "Salatu egin behar dugu eta kasu hauekin bukatu, erasotzaileei ezin diegu lasaitasunez jarduten utzi herrian zehar. Ez dugu nahi, ez dugu onartuko, beste edozein neska edo emakumek horrelakorik jasatea, ez Zumaian, ez inon. Erasoak gelditu behar ditugu!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide