«Urkullu imitatu nahiko nuke»

Gorka Zabaleta 2015eko uztailaren 22a

Pertsonaia ezagunak imitatzen ditu Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. «Txikitatik izan dut ahotsak imitatzeko erraztasuna, baina astero saioa egitea erronka da niretzat».Ez da erraza Jon Urbieta (Zumaia, 1988) bi hitzetan definitzea. Ume koskorra ze...

Pertsonaia ezagunak imitatzen ditu Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. «Txikitatik izan dut ahotsak imitatzeko erraztasuna, baina astero saioa egitea erronka da niretzat».

Ez da erraza Jon Urbieta (Zumaia, 1988) bi hitzetan definitzea. Ume koskorra zela, Betizu Taldeak (ETB1) eman zion bere bi pasioak, musika eta telebista, uztartzeko aukera era askotariko telebista saioetan hartu du parte orduz geroztik; Djon izenarekin, musika saioak ere eskaintzen ditu jai pribatu zein pu- blikoetan; teknologia berriekin trebea, sare sozialetan jantzia... Bakarrik falta zitzaion pertsonaia ezagunen imitazioak egiten hastea. Eta horretarako aukera ere iritsi zaio.

Noiztik egiten dituzu imitazioak?

Txikitatik. Konturatu nintzen abesterakoan ahotsak ondo egiten nituela, banuela erraztasuna.

Eta zeinenak izan ziren zure lehen imitazioak?

Simpson marrazki bizidunetako elkarrizketak imitatzen nituen. Telebistari ahotsa kendu eta azpitituluak jartzen nituen teletexto-an. Horiek dira nire lehen imitazioak.

Orain hasi zara Euskadi Irratian imitazioak egiten, soilik ahotsean oinarrituta. Horrela zailagoa izango da, ezta?

Imitazioak egiterakoan oso lagungarria izaten da pertsonaia bakoitzak izaten dituen keinuak-eta harrapatzea. Beraz bai, ahotsarekin bakarrik zailagoa da. Eta astero saio bat egitea erronka da niretzat.

Zer pertsonaia imitatzen dituzu?

Orain arte egin ditudan saioetan, adibidez, Mikel Olazabal kazetaria, Baserri arrauneko aditua, Joseina Etxeberria... Espainiakoak, besteak beste, Mariano Raxoi presidentea, Boris Izagirre, Albako Dukesa, Juan Carlos errege ohia...

Esan pertsonaiaren bat imitatu nahiko zenukeena eta oraindik ez zaizuna ondo ateratzen.

Bat baino gehiago. Adibidez, Iñigo Urkullu lehendakaria imitatu nahi nuke. Uste dut jokoa ematen duela, hitz egiteko modu berezia baitu. Baina proba batzuk egin ditut, eta oraindik ez dut lortu nahi dudana.

Faktoria-ko saioak, gainera, Internet bidez ikus daitezke. Zure ekimena izan da, edo saioko arduradunena?

Teknologia berriak asko erabiltzen ditut, eta pentsatu nuen ondo legokeela saioa zabaltzeko dauden tresnak erabiltzea. Euskadi Irratia jende helduak entzuten du batik bat, eta nik publiko gazteagoarengana ere iritsi nahi dut. Horregatik, erabaki nuen estudioan kamera pare bat jarri eta Internet bidez zuzenean ematea. Horrela imitazioak entzuteaz gain, ikusteko aukera dago.

Imitazioen bide honetatik jarraitzeko asmoa al duzu?

Nik ez diot aterik ixten neure buruari. Niri musika eta telebista gustatzen zaizkit gehien, baina imitazioena ere hor neukan, eta orain sortu da aukera. Saioa udarako da printzipioz, eta ez dakit gero zer gertatuko den. Ez dut epe luzerako planik egiten, gauzei datozen bezala heltzen diet.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide