Zumaian alkatearen soldatak eragin du agintaldiko lehen eztabaida

Gorka Zabaleta 2015eko uztailaren 14a

Udal batzordeetako arduradunez gain, alkatearen eta bi liberatuen soldatak onartu dira azken udalbatzarrean. Alkateak 54.897 euro jasoko ditu, eta Hirigintzako buru izango da.Udal batzorde eta organo publikoetako arduradun eta ordezkarien izendapenez g...

Udal batzordeetako arduradunez gain, alkatearen eta bi liberatuen soldatak onartu dira azken udalbatzarrean. Alkateak 54.897 euro jasoko ditu, eta Hirigintzako buru izango da.

Udal batzorde eta organo publikoetako arduradun eta ordezkarien izendapenez gain, alkatearen eta lanaldi erdiz ariko diren bi zinegotzien soldatak onartu ziren osteguneko ezohiko udalbatzarrean, ez ika-mikarik gabe. Alkateak 54.897 euroko soldata gordina jasoko du; udal gobernuko beste bi kidek Jon Iraolak eta Gotzon Enbilek lanaldi erdiz egingo dute lan, 20.551 euroko soldata gordinaren truke. Kopuruak aurreko agintaldiarekin alderatzen badira, alkatearen soldata %33 igo da, lehen 41.022 eurokoa baitzen soldata gordina; eta zinegotzien kasuan, aurreko legealdiaren amaieran bakarra zegoen lanaldi erdiz liberatuta hasieran bi ziren, 13.817 euroko soldata gordinarekin.

EH Bildu igoera hauen kontra agertu zen plenoan. «Herritarrak politikoengandik gero eta urrunago sentitzen dira, eta horrelako erabakiek distantzia hori areagotu baino ez dute egiten; gure iritziz, lehen zeuden soldatak lana duintasunez egiteko modukoak ziren», kritikatu zuen Alex Oliden bozeramaleak. Horrekin batera, informazio eza salatu zuen: «Plenora etorri gara inolako informaziorik gabe, hemen irakurri duzuenean jakin dugu zuen erabakiaren berri, eta horrela bozkatu behar izatea ez dakigu legezkoa edo bidezkoa den».

Oier Korta alkateak (EAJ) populistatzat jo zituen Olidenen hitzak, eta horrela azaldu zuen hartutako erabakia: «Alkatearena da udalean ardura handieneko kargua, eta irizpide horretan oinarrituta erabaki da soldata maila altuena duten udal langileek baino maila bat gorago jartzea alkatearena; erantzunkizunak bere ordaina behar du». Informazio faltari dagokionez, arrazoitu zuen beraiek ere azken unera arte gaia ez zutela erabakita. PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek babestu egin zuen proposamena. Aldundiak proposatutako soldata mailaren barruan dagoela adierazi zuen, inguruko gainontzeko herriekin orekan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide