Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sankristobalak ospatuko dituzte gaur hasi eta igandera bitartean Aizarnazabalen eta Narruondo auzoan. Jai oparoak prestatu dituzte batean zein bestean eta, eguraldi onaren konpainian, jaien antolatzaileek jendeari dei egiten die giro ederrean festara batzeko.
Zestoako eta Zumaiako auzoan berritasunez jositako egitaraua prestatu du Narruondoko jai batzordeak. Suziria lehertzearekin bat hasiko dira festak, eta Gorka Aginagalderen bakarrizketak girotuko du gaua. Orain arte trikitia izaten zen egitarauean egun horretan, baina aurten hori aldatzea erabaki dutela azaldu du jai batzordeak. Badira berritasun gehiago ehun bizilagunera iristen ez den auzo txikian. Izan ere, marmitako lehiaketa egingo dute igandean. Gehienez 12 lehiakidek parte hartu ahal izango dute, eta lau mahaikide eraman beharko ditu bikote bakoitzak. Hala, jankideek hamarna euro ordaindu beharko dute; sukaldariek, berriz, batere ez. Parte hartu nahi duena garaiz dabil, oraindik tokia badagoelako. Jaien azken eguna gaztetxoei eskainiko diete, arratsaldean hainbat jolas egingo baitituzte.
Gidarien santua da San Kristobal, eta horregatik, Narruondon zein Aizarnazabalen meza bana egingo dute autoak bedeinkatu ahal izateko. Bihar izango da horretarako eguna.
Bestalde, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak erromerietan sortzen den giroa polita nabarmendu du. Berritasun gisa, igandean egingo den pintxo poteoa aipatu du. Zehatz auzoan ospatzen dira jaiak, eta plazan bertan izango da poteoa.
Egitaraua
NARRUONDO
Gaur, uztailak 9
19:30. Suziriak botako dituzte jaiak hasteko.
20:00. Sardina eta saiheski jana eskainiko dute, doan. Edaria ordindu egin beharko da.
22:30. Gorka Aginagalderen bakarrizketa saioa.
Bihar, uztailak 10, Kristobal Deunaren Eguna
10:30. Zestoako Idiakaitz txistulari taldea.
11:00. Meza, eta autoen bedeinkazioa.
Ondoren. Hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat.
17:00. Zezen mekanikoa.
22:00. Mus eta eskoba txapelketa.
Etzi, uztailak 11
17:00. Gaztetxoentzako herri kirolak (4 urtetik gorakoentzat). Ondoren, txokolate jana.
21:00. Bertso afaria, Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin. (Izena eman behar da ohiko lekuetan, 648-828 298 telefono zenbakira deituta edo najaibat@gmail.com helbidera idatzita).
Ondoren. Erromeria, Joxe Mendizabalekin.
Uztailak 12, igandea
11:00. Asto lasterketa.
Ondoren, zikiro jana.
12:30. Marmitako lehiaketa. Izena uztailaren 10erako eman behar da, 606-83 81 64 telefonoan edo najaibat@gmail.com helbidera idatzita.
18:00. Gorriti bere animaliekin.
Jarraian. Herri kirolak.
ZEHATZ AUZOA
Gaur, uztailak 9
23:00. Trikiti, txiste eta bertso parranda. Haritz, Irati eta Montte trikitilariekin.
Bihar, uztailak 10
Auzotarren Eguna
12:00. Meza, auzoko ermitan.
Jarraian, autoen bedeinkazioa.
Ondoren, txikiteoa Haritz, Irati eta Monttek alaituta.
23:00. Erromeria Laja II.a eta Narbaiza trikitilariekin.
Uztailak 11, etzi
23:00. Erromeria Izer eta Alabierrekin. Ondore, baratxuri zopa.
Uztailak 12, igandea
12:00. Pintxo poteoa eta auzotarren elkartzea.
18:00. Herri kirol jaialdia. Harria jasotzen Izeta II.a eta Idoia Etxeberria eta aizkoran Fausto Mugertza eta Bihurri.
Jarraian. Txikiteoa trikitilariekin. Afalondoan, erromeria Ansorregi eta Lutxurdiorekin.
Oharra: Eguraldi txarra eginez gero, erromeriak elizpean egingo dituzte.