Zumaiako Oxford aretoaren barruan espazio gordeago bat definitzen duen pieza multzoa da erakusketaren erdigunea. Zinka erabili du eskulturak egiteko. Etzi irekiko dute erakusketa.
Espazio bat beste espazio baten barruan. Intimoagoa. Barrura begiratzera animatzen duena. Espazio gorde horretara iristeko, bi zutabez osaturiko atea zeharkatu behar aurrena, eta gero lurrean serigrafiatutako seinaleei jarraitu. «Hori da erakusketako pieza zentrala, erdigunea. Atariko bi zutabeak kuboz osatuta daude, bata bestearen gainean; forma geometrikoak erabili ditut. Bakoitzari iradokiko dio zerbait ezberdina. Bati agian gogoraraziko dizkio Erromatar Garaiko zutabeak... Auskalo. Zu- tabeetatik barruranzko bidean laguntzeko zeinu bat asmatu dut, behin eta berriz agertuko dena lurrean, baina kolore ezberdinetan zuria, gorria eta beltza. Donejakue bideak bere zeinua daukan bezala, nik bat asmatu dut nire biderako. Eta bideari segika, barruko espazio intimora iristen zara. Ez da espazio itxi bat, lau ertzak daude definituta, eta barrura sar zaitezke tarteetatik». Erdiko instalazio horren inguruan azken urteotan egin dituen hainbat eskultura erakutsiko ditu Iñaki Olazabalek (Andoain, 1959) Oxford aretoan, ostiral honetatik aurrera.Eskultorearen tailerrak gehiago dirudi tailer mekanikoa artista baten lantokia baino. Metalezko xaflak, erremintak, pisua mugitzeko polea... «Ni tailer mundutik nator, eta ohituta nengoen erremintak erabiltzen; seguruenez, horregatik sentitu nintzen hasieratik eroso eskulturarekin». Erakusketan aurkeztuko dituen lanei azken ukituak ematen ari da Olazabal, Oikian duen lantokian, muntatze lanak hasi baino lehen.
Zinkezko xaflak erabili ditu oraingoan ere eskulturak egiteko. Gustuko materiala du, eta bere obraren ezaugarri bihurtu du. «Lanerako oso gustuko dut zinka. Ia Alemaniara joan nintzenetik erabiltzen dut. Burdina baino arinagoa da, lanerako erosoagoa, malguagoa. Horrez gain, gainetik ematen diodan patinaren arabera, zuri-beltza eta gris tonalitate asko ateratzen zaizkio. Soldadurak egiten dituen grafismoak ere markatzen ditu. Azkenean, nire lanaren ikur bihurtu da».
Gorputza, ordea, kolorea eskatzen hasi omen zaio. «Kolorearekin esperimentatzen hasi naiz, behar hori sentitu dut. Eta kolorearekin batera, egurra erabiltzen hasi naiz». Eta espazio intimoaren aldarrikapena egin du: «Orain erakusketarekin nabil buru-belarri, baina uda ondoren, nire asmoa da tarte luze bat hartzea barruan dudana lantzeko. Bolada batzuk izaten ditugu, lana ia modu mekanikoan egitera irits gaitezkeenak. Etenaldiak behar dira, denbora hartu zuretzat, barrura begiratu eta eboluzionatzeko».
Oxford aretoaz eta erdiguneko espazio intimoaz gain, hirugarren gune batera ere iritsiko da Olazabal erakusketako lanekin. «Kaletik ere ikusi ahal izango dira pieza batzuk. Leihoak irekita egongo dira, eta eskultura batzuk parean jarriko ditut, kalean daudenek ikus ditzaten». Barruan, aretoko hormetan, eskulturekin batera, kaxa batzuk ere ikusiko ditu bisitariak. «Kaxak gauzak gordetzeko erabiltzen ditugu normalean, baina nik espazioa mugatzeko erabiliko ditut, eskulturak behar duen espazioa definitzeko».