Bosco Garitano: «Asmatu egin dugu lasterketari Andutz gehituta»

Gorka Zabaleta 2015eko uztailaren 7a

Oihana Kortazarrek eta Manuel Merillasek irabazi dute Flysch Traileko maratoia; Raul Garciak eta Alizia Olazabalek maratoi erdia. Antolatzaileak pozik dira emaitzarekin.Munduko Koparako puntuagarri izateko lasterketa luzatu eta gogortu beste aukerarik ...

Oihana Kortazarrek eta Manuel Merillasek irabazi dute Flysch Traileko maratoia; Raul Garciak eta Alizia Olazabalek maratoi erdia. Antolatzaileak pozik dira emaitzarekin.

Munduko Koparako puntuagarri izateko lasterketa luzatu eta gogortu beste aukerarik ez zuen Zumaia Flysch Trail lasterketak. Antolatzaileen helburua «ahalik eta lasterketarik onena» antolatzea denez, ibilbidean Andutz eta Salsamendiko igoerak sartu eta lasterketa maratoi bihuru dute aurten. Aldaketak beti dakar arriskua, baina atzo biharamun gozoa zuen Bosco Garitano antolaketa taldeko buruak: «Dena oso ondo atera da. Kirol arloan, goi mailako irabazleak izan ditugu; antolaketari dagokionez, lan bikaina egin da aurten ere, eta hala eskertu digute korrikalari askok; eta gainera, lasterketak inoiz baino jende gehiago ekarri du Zumaiara ostalariek esan didatenez».

Ibilbidearen gainean, zalantza gutxi du Garitanok: «Asmatu egin dugu lasterketari Andutzeko zatia gehituta. Mendiko lasterketak jokatzen dituzten korrikalariek tontorren bat botatzen zuten faltan. Aldapa gogorrik gabe eta zailtasun teknikorik gabe, onenei oso zaila zitzaien besteak atzean uztea; orain, Andutzekin eta batik bat Salsamendirekin badute lasterketa non hautsi». Oihana Kortazar irabazleak ere hala aipatu zuen helmugan: «Nire gusturako, lehen mendiren bat falta zitzaion lasterketari. Uste dut lasterketak asko irabazi duela Andutz eta Salsamendiko zati berriarekin, eta aurrerantzean mantentzearen alde egingo nuke». Nahikoa garbi dago Andutz eta Salsamendi Flysch Traileko ibilbidean mugarri izango direla aurrerantzean.

Aurtengoa amaitu berri da, baina antolatzaileek laster erabaki beharko dute 2016ko lasterketarekin zer egin. «Irailerako erabaki behar dugu zer txapelketatan hartu nahi dugun parte. Guk hasieratik izan dugu garbi nazioarte mailako lasterketa izan nahi dugula, eta bidea norabide horretan ari gara egiten. Aurten ISFren (International Skyrunning Federation) bigarren txapelketa garrantzitsuenaren barruan sartu gaituzte, eta uste dut zentzuzkoena dela datorren urtean maila horretan sendotzea, ur handiagotan sartu baino lehen», esan du Garitanok.

Merillas eta Kortazar

Aurtengo lasterketari dagokionez, Manuel Merillasek (3:29:00) eta Oihana Kortazarrek (4:09:27) nagusitasun handia erakutsi dute. Gizonezkoetan, Merillas lasterketa buruan izan zen uneoro, eta Salsamendiko igoeran alde erabakigarria atera zion Ismail Razgari. Hirugarren postuan Iban Letamendi sailkatu zen; eta Imanol Larrañaga azkoitiarra bosgarren izan zen, Alfredo Gilen atzetik. Emakumeen artean, Kortazarrek ez zuen neurriko aurkaririk izan, eta ordu erdiko aldea atera zion helmugan Paloma Grauri. Maria Zorroza gernikarra iritsi zen hirugarren.

Maratoi erdian, Raul Garcia izan zen azkarrena (1:37:57) Ion Sala iruindarra bigarren, hiru minutura; eta Joxe Amunarriz hondarribiarra hirugarren. Emakumeen lasterketan, Alizia Olazabalek (Irun) irabazi zuen (1:55:33), Andrea Garai (Gasteiz) eta Sara Peñaren (Orio) aurretik. Zumaiarren artean, Txetxu Tamayo, Ander Etxabe eta Jose Manuel Castillo izan ziren onenak gizonen artean. Castillo, gainera, lasterketako junior onena izan zen. Emakumeetan, Sonia Albarez, Leire Baraibar eta Arri Urbieta igo ziren podiumera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide