Itxas-Gaineko Unai Gerekak eta Imanol Barruetabeñak junior mailako maratoia irabazi dute Eslobenian, biko piraguan. Garaipen handia da bikoteak lortu duena, eta segida ematen dio iaz lortu zuten brontzezko dominari. Txapelketa berean, Itxas-Gaineko Irati Osak eta Getxoko Ainhoa Hidalgok zazpigarren postuan amaitu dute.
Junior mailako azken urtea dute Gerekak eta Barruetabeñak, eta urtebetean koska bat gora egin dutela nabari da. Eslobeniako estropadan, gainera, zortea alde izan zutela azaldu du bere entrenatzaile Xabier Osak: «Denbora guztian lasterketa buruan izan ziren, beste lauzpabost piraguarekin; aurrera ere egin zuten lehen garraiatzean, baina aurkariek ez zieten utzi alde egiten. Hala ere, lehen garraiatze hartan Ingalaterrako bikoteak piragua hautsi zuen eta aurkari gogor bat jokoz kanpo gelditu zen». Izan ere, Ingalaterrako K2ko bi piraguistak podiumean izan ziren bezperan jokatu zen K1eko estropadan.
Hungariako piragua zen garaipena lortzeko beste faboritoetako bat, baina haiek ere ezin izan zuten estropada amaitu, azken garraiatzean arazoren bat izan zutelako piraguarekin. «Estropadetan horrelako arazoak gertatzen dira; aurkariei gertatzen zaienean gai izan behar zara aprobetxatzeko eta hori egin dute Unaik eta Imanolek». Azken garraiatzean erasoa jo eta atzean utzi zituzten beste aurkariak. Helmugara hogei bat metroko aldearekin iritsi ziren. Garaipen handia Itxas-Gaineko bikoteak lortutakoa, gazte mailan herriko piraguistek lortzen duten lehena baita. Bestalde, Irati Osak larunbatean jokatu zuen K2ko proba, Getxoko Ainhoa Hidalgorekin bikotea osatuz. Zazpigarren postuan amaitu zuten, txapelketara sasoi punturik onenean iritsi ez diren arren. Irailean Munduko Txapelketan hartuko dute parte laurek.