Zumaiarrek bigarren bandera lortu dute Santurtziko estropadan

Sasoian.info 2015eko uztailaren 7a

Santurtziko Bandera irabazi zuten igandean zumaiarrek; hala, KAE 1 ligako denboraldiko bigarren bandera lortu du traineru gorriak. Ohorezko txandan jokatu zuen estropada Getaria, Ondarru eta Lekittarrrak taldeekin, eta sailkapen nagusian buru den Getar...

Santurtziko Bandera irabazi zuten igandean zumaiarrek; hala, KAE 1 ligako denboraldiko bigarren bandera lortu du traineru gorriak. Ohorezko txandan jokatu zuen estropada Getaria, Ondarru eta Lekittarrrak taldeekin, eta sailkapen nagusian buru den Getariako taldeari irabazi zioten zumaiarrek (20:01,69). Getariarrek hirugarren bukatu zuten (20:09,71), Ondarroaren atzetik (20:02,83). Zarauzko taldeak, bere aldetik, 9. bukatu zuen eta Orio B taldea 10. postuan sailkatu zen.

Dena dela, sailkapen orokorrean getariarrak dira lider 44 punturekin; zumaiarrak bigarrenak dira, lau puntu gutxiagorekin. Zarautz 8. postuan da, eta Orio B hamargarrenean.

Orio seigarrena da ligan

San Miguel Ligari dagokionez, asteburu aldrebesa izan du Oriok Galiziako estropadetan. Larunbatean ohorezko txandan jokatu zuen Sanxenxon , baina gauzak ez zitzaizkien nahi bezala atera. Izan ere, itsasoak bigarren txandako ontziei fabore egin zien eta, azkenean seigarren postuan bukatu zuten estropada. Hondarribiak irabazi zuen bandera.

Igandean, Moañan, gauzak are okerragoak izan ziren oriotarrentzat, eta ohorezko txandan jokatu bazuten ere, bederatzigarrenak izan ziren estropadan. Sailkapen orokorrean seigarren kokatu dira oriotarrak, 21 punturekin. San Miguel Ligako sailkapen orokorraren buruan Hondarribiak jarraitzen du, 35 punturekin. Bestalde, KAE-2 ligari hasiera eman zaio astebukaeran, Sestaoko Banderarekin. Bertan Zumaia hirugarren txandan lehiatu zen, eta 11. postuan sartu da sailkapenera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide