Flysch Trail aurten «gogorragoa eta teknikoagoa» izango dela dio Iñigo Saenz ibilbide arduradunak. Sebastian Alvarok hitzaldia emango du gaur 19:00etan, Aita Marin.
Aurten 11 kilometro gehiago izango ditu Flysch Traileko lasterketa nagusiak igandean jokatuko da, 08:30ean hasita, nazioarteko maila lortzeko ezinbestekoa baitzen ibilbidea luzatu eta gogortzea. Mendataraino itsaslabarretatik egingo dute bidea korrikalariek, baina handik barnealderantz egingo dute, Andutz eta Salsamendiko tontorretatik igarotzeko.N-634 errepidea gurutzatu beharko dute horretarako, Itziarrera bidean autobide gaineko zubia pasa eta berehala dagoen harrobi zaharraren parean. Irure baserriaren ondora aterako dira, eta handik gora Andutzera. «Andutz igo ondoren, barrualderantz jarraituta behera egingo dute berriro korrikalariek, Salsamendiko tontorra inguratu, eta ondoren behetik gora igoko dira gailurreraino», azaldu du Iñigo Saenz Flysch Traileko ibilbide arduradunak.
Horixe izango da zatirik zailena, Aitor Osa korrikalariaren iritziz bera arduratu da bereziki zati berri hau prestatzeaz: «Igoera tentea da Salsamendikoa, eta teknikoa ere bai. Andutzeko eta Salsamendiko igoerek erabat aldatuko dute lasterketa». Iñigo Saenzek ere bat egiten du Osarekin: «Korrikalariek oso ondo neurtu beharko dituzte indarrak, estrategia oso garrantzitsua izango da. Bero egiten badu, garesti ordaindu dezake indarrak gordetzen ez dituenak».
Maratoian 223 lagunek eman dute izena, eta maratoi erdian 9:00etan hasiko dira 536 izango dira parte hartzaileak.
Alvaroren hitzaldia
Al filo de lo imposible telebista saioko zuzendari Sebastian Alvaro izango da aurtengo omendua. Maratoia hasi baino ordu laurden lehenago izango da ekitaldia, 08:15ean. Baina ez da hor amaitzen Alvaroren parte hartzea, gaur hitzaldia emango baitu Aita Mari aretoan (19:00etan). Nadie nos dijo que fuera imposible izenburupean, bere ibilbidea eta hausnarketak azalduko ditu jendaurrean.