Libe Osa: "Perura sexu hezkuntza integraleko proiektu batera goaz"

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 2a

Osak Peruko Manuela Ramos mugimenduarekin jardungo du bi hilabetez, Medicus Mundiren eskutik joanda

Gaur bertan abiatuko da Perura Libe Osa (Zumaia, 1995). Gipuzkoako Medicus Mundirekin joango da, eta hango Manuela Ramos mugimenduarekin kooperazioan jardungo du irailaren 11 bitartean. Osa erizaintzako ikasketak egiten ari dira, bigarren ikasturtea bukatu du. Manuela Ramos mugimenduak emakumeen eskubidearen alde egiten du lan Perun. Medicus Mundirekin elkarlanean sexu eta ugalketa eskubideen urraketak saihesteko programa bat dute martxan, eta horren barruan sexu heziketa integrala abiatu nahi dute Ucayali, Ayacucho eta Limako hamalau ikastetxetan. Nondik nora sortu zaizu Medicus Mundirekin Perura joateko aukera? Sexua eta Ugalketa Osasun ikastaroaren eskaintza bat egon zen azaroan EHUk eta Medicus Mundik antolatutakoa. Hor parte hartu genuenoi Perura praktikak egitera joateko aukera eskaini ziguten. Perura joateko interesa genuenok curriculuma bidali genuen Medicus Mundira. Gero, aukeratutakooi elkarrizketa bat egin ziguten, eta lau aukeratu gintuzten. Eta, oso gustura nago aukera hau eskaini didatelako. Perun zein izango da zuen egitekoa? Lau pertsona goaz eta bitan banatuko gara, bi mendi aldera joango dira, eta beste bi oihan aldera joango gara, Ucayali izeneko lurralde batera. Han, Manuela Ramos mugimenduarekin kooperatuko dugu. Manuela Ramos Peruko mugimendu indartsu bat da, 35 urteko eskarmentua du emakumeen eskubideen alde lanean. Bertan, mugimendu horren proiektuak aurrera eramateko taldeak sortuta dituzte, eta gu talde horietako batera gehituko gara. Talde horren lana ikastetxeetako zuzendaritzakoak, irakasleak eta ikasleen familiak sexu hezkuntzaren garrantziaz sentsibilizatzea da eta hori martxan jartzeko erreminta batzuk ematea. Azken batean, baldintza batzuk martxan jartzea da, gero han ikastetxeetakoek aurrera eramateko. Gero, han sexualitateari buruz dituzten mito batzuk modu natural batean argitzen ere saiatuko gara, azken batean sexualitate osasuntsu bat eramateko aurrera. Hara joan aurretik hango egoeraz zer kontatu dizuete joango zaretenoi? Han emakume gazteen artean haurdunaldi goiztiar asko ematen dela esan digute. Eta, abortua ez da legezkoa, terapeutikoa bakarrik dago onartuta. Orduan, abortatzea legez kanpokoa denez, emakume askok klandestinoan abortatzen dute, emakumeen osasuna arriskuan jarriz. Hartutako arriskuengatik emakume batzuk hil ere egiten dira. Bestetik, hemen bezalaxe han ere, emakumeenganako tratu txar psikologikoa eta fisikoa ematen dela azaldu digute. Biziko duzun esperientzia honetaz zer espero duzu zuk? Guk oraindik ez daukagu formazio askorik, erizaintza ikasten ari naiz oraindik. Baina han ikasiko dugulakoan gaude, eta ea guk zerbait aportatzeko aukera daukagun. Aurretik lan boluntario batzuk egin izan ditut, baina ez maila honetakoa. Medicus Mundikoek urtero antolatzen dituzte praktika hauek, eta euskal gazteok gai hauekin kontzientzia hartzea ere nahi dute. Gu hara sexu hezkuntza integraleko proiektu batean parte hartzera goaz, baina paradojikoa da, hemen bertan ere ez daukagulako. Agian han baino pixka bat hobeto gaude, baina beste toki batzuetatik zer ikasi ere badaukagula uste dut. Han lanean ari den talde batekin jardungo dugu, eta gu ez goaz hango arazoak identifikatu eta konpontzera, gu hangoekin batera jardutera goaz. Manuela Ramos mugimendukoen berri eman al dizuete? Perura joateko aukeratuta geundela jakin genuenean, Donostiako Emakumeen Etxean jardunaldi bat egon zen, eta hara joan ginen. Jardunaldi horietara Manuela Ramos mugimenduko lehendakaria etorri zen, eta mugimendua bera aurkeztu zigun, eta Peruko emakumeen egoera zein den ere azaldu zigun bertan. Horrez gain, Ucayalira goazen biok lurralde hartan lanean ari den taldekoekin harremanetan egon gara azken hilabeteotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide