Eskubaloi taldeko jubenil Kauldi Odriozolak, Mikel Martinezek eta Ander Torrikok Mundiala jokatuko dute abuztuan. «Urtea borobiltzeko opari ederra» dela diote
Pulpo eskubaloi taldean arrasto sakona utziko duen belaunaldi bikainaren hiru ordezkari distiratsuenak dira: Kauldi Odriozola, Ander Torriko eta Mikel Martinez. Umeak zirela, orduak eta orduak egiten zituzten elkarrekin, baloi txikiarekin kale bazterretan jolasean. Gero, Pulpoko taldekide guztiekin batera, sekulako bultzada eman diote eskubaloiari Zumaian, batik bat, aurten egin duten denboraldi ikusgarriarekin. Eta orain, bide berriei heldu aurretik, jubenilen Munduko Txapelketa. «Guretzat, urtea borobiltzeko opari ederra izan da», diote hirurek.Txapelketa abuztuaren 8tik 20ra jokatuko da, Errusian, baina dagoeneko Espainiako selekzioarekin bilduta daude. Madrilen aurrena eta Suedian ondoren. Uda osoa pasako dute atzera eta aurrera Suedia, Polonia, Qatar, Errusia, baina pozez zoratzen daude. «Hau sekulakoa da; handia da Pulpoko hiru jokalari izatea Munduko Txapelketan. Bartzelonak lau jokalari ditu Espainiako selekzioan, guk hiru, eta gainontzekoak bakarrak dira talde bakoitzetik». Ardura ere eragiten die horrek, aitortu dutenez: «Euskadiko selekzioarekin irabazi genuen Espainiako Txapelketa, gero Pulporekin Bartzelonaren kontra jokatu genuen klubekako finala... Badakigu begi asko dauzkagula guri begira, ez baita normala hain txikia den klub batetik hiru jokalari deitzea».
Kauldi Odriozola da hiruretatik Espainiako selekzioarekin esperientzia gehien duena. Iaz Europako Txapelketan brontzea lortu zuen, eta txapelketako eskuin hegaleko onena izendatu zuten. Mikel Martinezek infantiletan hartu zuen behin parte deialdi batean, baina orduz geroztik ez du aukerarik izan. Mundialean Odriozolak eta biek jokatuko dute eskuin hegalean. «Nire helburua izango da entrenatzailearen konfiantza irabaztea; badakit Kauldi daukadala aurretik, eta saiatuko naiz aukera daukadanean nire onena ematen», esan du Martinezek.
Ander Torrikorentzat ere lehen esperientzia da Espainiarekin. «Printzipioz nire papera ez da oso garrantzitsua izango, baina minutu guztiak aprobetxatzen saiatuko naiz, hasierako zazpikoan lekua lortzeko».
Txapelketari begira, taldearen helburua garbi dute: «Finalaurrekoetan sartu eta dominaren bat irabazi». Iaz Europako Txapelketan brontzea lortu zuten eta finalaurrekoa gero txapeldun izan zen Frantziaren aurka galdu zuten gol batengatik. «Frantzia faboritoen artean dago, baina Hungariak dauka sekulako taldea», dio Odriozolak. «Iaz Europako Txapelketan partida guztiak erraz irabazi zituzten, finalean Frantziarekin topo egin zuten arte». Alemania eta Danimarka ere sartu dituzte aurkari gogorrenen zakuan.
Sei taldez osaturiko lau multzo izango dira lehian, eta lehen fasea multzoko azken biak baino ez dira kanpoan geldituko. «Baina garrantzitsua da lehen bien artean gelditzea, kanporaketan aurkari gogorregirik ez egokitzeko». Beraien multzoan, Islandia, Norvegia, Alemania, Egipto eta Venezuela egokitu zaizkie.
Bidasoa eta Zarautz
Datorren denboraldirako ere erabaki garrantzitsua hartua dute hirurek. Kauldi Odriozolak Bidasoarekin jokatuko ditu hurrengo hiru urteak, eta Mikel Martinez eta Ander Torriko Zarautzen arituko dira. «Aro bat bukatu da Pulpon, eta orain gure interes propioari begiratu behar diogu. Pulpon oso gustura egon gara, baina eskaintzak etorri zaizkigu eta aprobetxatu egin behar dira. Asobal Ligatik ere deitu digute, baina guk orain minutuak behar ditugu eta aukera onena zen Ohorezko B Mailan jokatu eta ikasketak osatzea».