Bi bandera irabazita estreinatu du Zumaiak klubeko logotipo berria

Gorka Zabaleta 2015eko ekainaren 30a

Elantxobeko bandera irabazi dute mutilek (KAE 1) eta Zumaiakoa neskek (Gipuzkoako Liga). Orio hirugarren izan da Malagan, San Miguel Ligako estreinako estropadanIgande borobila izan da Zumaiako arraun elkartearentzat, neska zein mutilek bandera bana i...

Elantxobeko bandera irabazi dute mutilek (KAE 1) eta Zumaiakoa neskek (Gipuzkoako Liga). Orio hirugarren izan da Malagan, San Miguel Ligako estreinako estropadan

Igande borobila izan da Zumaiako arraun elkartearentzat, neska zein mutilek bandera bana irabazita, mutilek Elantxoben eta neskek Zumaian.

KAE 1 Ligako hirugarren estropada jokatu zen igande eguerdian Elantxoben. Zumaia lan ona egiteko esperantzarekin joan zen, iazko garaipena gogoan, jakinik Getaria dela gaur egun ligako oilarra. Baina beti ez du faboritoak irabazten, eta Zumaiak ederki aprobetxatu zuen aukera. «Guk estropada oso ona egin genuen, Ondarroari ondo irabazi genion; haiek hirugarren kaletik joan ziren eta abantaila zuten kanporantz; gu lehen kaletik hobeto gentozen barrualdera», azaldu du Zumaiako prestatzaile Rafa Gonzalez Txabarrik. «Gure azken luzerako haizea harrotzen hasi zen, eta hirugarren txandan guk baino haize gehiago izan zuten. Getariak alde handiz irabazi zien aurkariei, baina ezin izan zuen gure denbora hobetu». Getaria hirugarren sailkatu zen. Zarautzek (seigarren) eta Oriok (zortzigarren) borroka polita izan zuten lehen txandan, eta Donostiarraren aurretik sailkatu ziren biak.

Handik ordubetera Zumaiak eguneko bigarren bandera irabazi zuen. Gipuzkoako Emakumeen Ligako estropada jokatu zen Zumaian, errioan. Zazpi segundoko aldea atera zion San Juani eta bederatzikoa Hibaikari. Orio laugarren izan zen, eta Zarautz-Getaria bosgarren. Orain arte jokatutako hiru estropadak irabazi ditu Zumaiak eta lider da sailkapenean.

Orio hirugarren Malagan

San Miguel Ligak Kantauri itsasotik urrun izan du estreinaldia, Malagako (Andaluzia, Espainia) uretan, hain zuzen ere. Oriok hirugarren denborarik onena egin zuen, lehen txandan Urdaibairen atzetik iritsita. Hondarribiarentzat izan zen bandera eta sailkapeneko lehen lidertza.

Bestalde, aulki mugikorrean bederatzi domina lortu ditu Oriok infantil eta kadete mailetako Euskadiko Txapelketan, haietako lau urrezkoak. Datorren astean Espainiako Txapelketan izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide