Nazioarteko maila izango du aurten Flysch Trailek, maratoi bihurtuta

Gorka Zabaleta 2015eko ekainaren 26a

Skyrunner National Series txapelketako proba izango da aurten. Uztailaren 5ean jokatuko da, maratoi distantzian eta Andutz mendira igota. Maratoi erdiko lasterketa ere jokatuko daUrtetik urtera urrats berriak eginez, sendotzen eta sona handia hartzen a...

Skyrunner National Series txapelketako proba izango da aurten. Uztailaren 5ean jokatuko da, maratoi distantzian eta Andutz mendira igota. Maratoi erdiko lasterketa ere jokatuko da

Urtetik urtera urrats berriak eginez, sendotzen eta sona handia hartzen ari den lasterketa da Zumaiako Flysch Trail. Zazpigarrenez jokatuko da aurten eta antolatzaileek lortu dute hasieratik jarritako helburuetako bat: nazioarteko maila izatea. «Guk hasieratik oso garbi genuen ez genuela nahi lasterketa bat gehiago antolatu, Zumaiako herriari ekarpen berezia egin nahi genion eta ahalik eta lasterketa onena antolatu», azaldu du antolaketa taldeko buru Bosco Garitanok.

ISFk (International Skyrunning Federation) antolatzen duen Skyrunner National Series txapelketako proba izango da, eta horretarako aldaketak egin behar izan dituzte ibilbidean. «Proba gogortu egin behar izan dugu, ibilbidea maratoi distantziara luzatuz eta tartean Andutzera igoera sartuz». Ibilbideak betiko esentzia mantenduko du, itsaslabarren gainetik egingo da korrika, baina Andutz mendiak gogortasun berezia emango dio. Lasterketa laburra ere egokitu egingo dute, eta aurten maratoi erdiko distantzia izango du — ez dira Andutzera igoko—.

Parte-hartzaileen artean, Zumaian izango dira, besteak beste: Manuel Merillas, Zaid Ait Malek, Alfredo Gil Garcia, Raul Garcia Castan, Andre Castro, Bryan McPerson, Azahara Garcia, Montse Vazquez eta Oihana Kortazar.

8:30ean hasiko da

Lasterketa nagusia, maratoia, goizeko 8:30ean abiatuko da, Beheko plazatik. Maratoi erdia berriz, 9:00etan. Helmuga ere Beheko plazan izango da, eta sari banaketa 13:00etan egingo da. Lasterketa mendian jarraitu nahi izanez gero, aukera bikaina dago Inda Mendi mendi taldearen eskutik. 8:00etan abiatuko dira Erribera kaleko Kutxaren bulego paretik.

Bestalde, Sebastian Alvaro kazetaria izango da aurtengo omendua. Al filo de lo imposible telebista saioaren bitartez dozenaka espedizio antolatu ditu euskal mendizaleekin kazetari espainiarrak. Probaren irteeran omenduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide