Zumaiak zesta puntako Herriarteko finala jokatuko du Mutrikuren kontra

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 25a

Zumaiak zestako Herriarteko edizio denetan parte hartu du, eta txapel gehienak eskuratuta ditu, zortzi. Eskuko Herriartekoan Azpeitiak finalerdietako itzulikoa du Astigarragaren kontraZumaiak Gipuzkoako XVIII. Herriarteko Zesta Puntako finala jokatuko ...

Zumaiak zestako Herriarteko edizio denetan parte hartu du, eta txapel gehienak eskuratuta ditu, zortzi. Eskuko Herriartekoan Azpeitiak finalerdietako itzulikoa du Astigarragaren kontra

Zumaiak Gipuzkoako XVIII. Herriarteko Zesta Puntako finala jokatuko du bihar Mutrikuren kontra. 19:30ean da finala Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan.

Herriarteko ligaxka Mutrikuk, Zumaiak eta Donostiak jokatu dute. Bigarren gelditu da Zumaia, eta horregatik finala jokatzeko aukera izango du.

Zumaiak Herriarteko Zesta Puntako Txapelketa guztietan parte hartu du, hau da 18 aldietan. Gainera, txapel gehien lortu dituen herria da, zortzi aldiz irabazi du finala, honako urteetan: 1999, 2000, 2001, 2002, 2003, 2007, 2011 eta 2012. Beste zazpi urtetan, berriz, txapelketako bigarrena izan da.

Zumaiak eta Mutrikuk elkarren kontra finala jokatuko duten bosgarren aldia izango da biharkoa: azken lau edizioetan ere bi herriek jokatu dute. Gipuzkoa Berria da txapelketaren babeslea, eta horri esker duela urte batzuetako sariak berreskuratu ditu lehiak. Hala, txapeldunak 1.250 euro jasoko ditu eta bigarrenak 625 euro. Gainera, ligaxka jokatzeagatik 900 euro jasoko ditu talde bakoitzak.

Azpeitia, finalerako atean

Joaneko saioa irabazi dute azpeitiarrek herriarteko finalerdietan. Joan den ostiralean jokatu zituzten partidak, Azpeitiko Frontoi Txikin, eta jendez gainezka egon zen pilotalekua. 2-1 gelditu zen markagailua, azpeitiarren mesedetan, eta Astigarragan jokatu beharko dituzte itzuliko partidak, datorren igandean. Azken proba igaroz gero, finalera sailkatuko dira Azpeitiko mutilak.

Kadeteena izan zen lehen partida, eta 22 eta 16 irabazi zuten Azpeitiko Ilunpe pilota elkarteko mutilek, Jon Alberdik eta Mikel Unanuek. Jubeniletan, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek osatutako bikoteak jokatu zuen, eta partidu erdira arte partida berdindua joan bazen ere, 22 eta 14 galdu zuten Astigarragakoek. Seniorrek aise irabazi zuten, 22 eta 9, eta giro bikaina jarri zuten Frontoi Txikin. Jurgi Larrañagak eta Daniel Murgiondok maila ona erakutsi zuten, eta tanto aldetik ere hurrengo asterako itxaropentsu utzi zuten Ilunpeko taldea.

Beraz, 11 tantoko abantailarekin joango dira azpeitiarrak igandean Astigarragara. 17:00-etatik aurrera izango dira partidak hango pilotalekuan, eta beharrezkoa dute lan ona egitea uztailaren 5eko finala jokatu ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide