Igandeko podiuma (Baleike.eus)
"Sorpresa handia izan da hau niretzat, asteartean abisatu zidaten Euskadiko erlojupeko txapelketa jokatuko nuela: joan eta irabazi". Hala azaldu du Aitor Olaziregi Zumaiako txirrindulariak asteburuko balentria. Oraindik ere egin duena "sinetsi ezinda" dago, 23 urtez azpikoen mailan erlojuaren aurkako Euskadiko txapelduna da Ampoko txirrindularia, eta Espainiako txapelketan lehiatuko da ekainaren 26an, Caceresen (Extremadura, Espainia).
Zumaiarra ez zen igandeko lasterketara joatekoa, baina azken uneko aldaketa bat tarteko jokatu zuen proba, Caparroson (Nafarroa). "Ondo sentitzen nintzen, eta lehenengo hamarretan sartzeko aukera ikusten nuen", azaldu du Olaziregik. Hirugarren postuan abiatu zen irteera puntutik, eta lehena iritsi zen helmugara. Ibilbide osoan zehar, "oso urduri" joan zela azaldu du txirrindulariak.
Konfiantza bultzada bat
"Garaipen honek konfiantza eman dit aurrera jarraitzeko", esan du Zumaiako txirrindulariak. Garrantzitsua izango da konfiantza bultzada hori hurrungo asterako; izan ere, Erlojuaren Aurkako Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute Aizarnazabalen. Eliteek, 23 urtez azpiko txirrindulariek eta jubenilek egingo dute saioa. Lasterketa hori prestatzen ibili da azken asteetan zumaiarra, eta buruan zuen laster "deskantsu txiki bat" hartzea; ondoren, uda betean, errepideko lasterketei "gogor heltzeko". Orain, ordea, planak aldatu zaizkio, eta "buru-belarri" prestatuko ditu datozen lehiaketak.
Errodadorea
Errodadore gisa definitzen du Olaziregik bere burua, hau da, ondo moldatzen da ibilbide lauetan, eta indartsua da. Hala ere, erlojuaren aurka lan ona egiteko, beste ezaugarri batzuk oso jarratzitsuak direla azaldu du: "Erlojuaren aurka lehiatzeak psikologikoki ere lan bat eskatzen du; zure burua eta gorputza ezagutu behar dituzu, neurria hartu behar diozu indarrari eta abar. Halako probetan bakarrik joaten zara, zeuk hartu behar dituzu erabaki guztiak, eta ez duzu erreferentziarik". Zumaiarrak nabarmendu du "bereziki garrantzitsua" dela "norbere gorputza eta mugak" ondo ezagutzea, berak badu gaitasun hori.
Beraz, igandekoarekin 23 urtez azpikoetako lehen garaipena lortu du Olaziregik, eta seigarren urrezko postua eman dio Goierriko Ampo taldeari. Taldean bertan "zoramena" da nagusi, txirrindulariaren arabera. Denboraldi ona egiten ari dira goierritarrak, horren erakusle da igandeko emaitza: taldeko bi txirrindulari izan zituzten lehen eta bigarren postuetan.