‘Motxo’-ren auzia betirako ez ixteko eskatu du Eguzkik

Gorka Zabaleta 2015eko ekainaren 1a

Kolektibo ekologistak ontzia lehorretik atera izanaren ondorioak "begi bistakoak" direla dio; Deba eta Zumaia arteko marearteko gunean izan zuen istripua arrantzontziak 2010eko azaroaren 4an

Gipuzkoako Auzitegiak ebatzi du Motxo arrantzontziaren istripuak ez zuela kalte ekologikorik eragin, eta auzia ixtea erabaki du. Deba eta Zumaia arteko marearteko gunean izan zuen istripua Bermeoko arrantzontziak 2010eko azaroaren 4an. Eskifaia osatzen zuten bederatzi marinelak onik atera zituzten, baina ontzia harraldetik ateratzeko saioa ustela izan zen. Arrantzontzia irauli eta albo baten kontra gelditu zen etzanda. Ondorioz, ura sartu zen ontzian eta ezinezkoa izan zen handik mugitzea. Barruan zeraman erregaia isuri zuen, gainera. Motxo harraldetik ateratzeko bide bakarra lehorretik zela erabaki zuten, garabi handi baten laguntzarekin. Garabia labarraren azpialderaino eramateko Baratzazarraurreko bidea zabaldu egin behar izan zuten, kamioiak gora eta behera ibili ahal izateko, eta horrek kalteak eragin zituen ingurunean. Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa abiatu zuen, argitzeko istripuaren arrazoiak eta ondoren arrantzontzia berreskuratzeko egindako lanen ondorioak. Joan den otsailean Azpeitiko epaitegiak auzia artxibatzea erabaki zuen, «kalte ekologiko mugatua» argudiatuta; eta joan den astean Gipuzkoako Epaitegiak erabakia berretsi zuen, kalte ekologikorik ez zela egon ondorioztatuta. Eguzki kolektibo ekologistak eskatu du auzia behin betirako ez ixteko, «Motxo lehorretik atera izanaren ondorioak oraindik ere begi bistakoak direlako». «Inguruak istripuaren aurreko itxura berreskuratuko zuela agindu zuen aldundiak, baina ez da hala gertatu», salatu du Eguzkik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide