Bateletan eta trainerilletan nagusi izan dira zumaiarrak. (Klausser)
Zumaiako emakume seniorrak denboraldi hasiera ederra ari dira osatzen aurten. Iaz neguan fundamentuz entrenatzeko izan zituzten arazoak alde batera utzi eta aurten igartzen da lana serio demonio egiteko aukera izan dutela. Bateletan erakutsi zuten aurrena, eta azken asteotan trainerilletan ere bai. Azken erakustaldia igandean egin dute, Mutrikun. Euskadiko Txapelketa zegoen jokoan, itsasoa bare, eta zumaiarrek erakutsi dute talderik indartsuena direla aurten, bai behintzat ontzi txikietan.
Bigarren postuan sailkatu zen Orio, hauek ere gorantz datorren taldea dela erakutsiz. Zumaiarrek baino 12 segundo gehiago behar izan zituzten estropada osatzeko. San Juan sailkatu zen hirugarren postuan, 15 segundora, eta Hibaika izan zen laugarren, 20ra.
Orain arte jokatutako ontzi txikien txapelketa guztiak irabazita, zumaiarrei bakarra gelditzen zaie denboraldiaren lehen partea borobiltzeko: Espainiako Txapelketa. Datorren igandean jokatuko da, Santanderko (Kantabria, Espainia) uretan.
Gizonezkoetan, gazte mailan, Getaria bigarren sailkatu zen Pasai Donibaneren atzetik eta Kaiku eta Hibaikaren aurretik. Eta kontsolazioko gazte mailako finalean, Zarautz laugarren izan zen, Deustu, Zierbena eta Isuntzaren atzetik. Azkenik, senior mailako gizonezkoen artean Kaiku izan zen txapeldun, Bermeo eta Zierbenaren aurretik. Pasai Donibane kaleratua izan zen