Urte amaierarako egongo da erabilgarri Aitzuri pilotaleku berria

Gorka Zabaleta- Baleike 2015ko mai. 27a, 08:00

Frontoiko lanak abuztu-irailerako amaituko ditu enpresa eraikitzaileak, eta ondoren urbanizazio lanak egin behar dira, azpiegitura berria publikora zabaldu aurretik

Aitzuri pilotalekuko lanak (Gorka Zabaleta - Baleike) Pilotaleku berriko lanak azken txanpan ari dira sartzen. Egitura eraikita dago, eta orain barrualdeko lanetan ari dira batik bat. Udalak eta enpresa eraikitzaileak adostutako epeak betetzen ari dira eta, beraz, abuztu-irail alderako bukatuta egongo dira azpiegitura berriaren lanak. Hori bai, frontoia erabiltzen hasteko beste hiruzpalau hilabete itxaron beharko dute herritarrek. «Ondoren ingurua txukundu behar da, urbanizazio lanak egin behar dira», azaldu du udal arkitekto Gorka Arregik. Urbanizazio lanen proiektua LKS enpresak idatzi du, lehiaketa irabazi ondoren. Hainbat fase zehaztu dira, eta irailetik aurrera lehen fasea da gauzatuko dena. «Funtsean, ideia da Victoriano Arrate kalea eta frontoiaren kanpoaldea urbanistikoki lotzea, izan dadila nolabait kalearen jarraipena». Gainontzeko espazioan, oraingoz, lorategi-zelai moduko bat utziko dute. «Aurrerago, dirua dagoen neurrian, egingo dira beste faseak», azaldu du Arregik. Frontoi berriari dagokionez, hormak beltzez margotuko dituztela jakinarazi du Arregik. «Bizkaia frontoian bezala, esate baterako. Frontisa eta kontrakantxa harrizkoak izango dira, eta ezker pareta hormigoizkoa». Aldagelak, gimnasio txiki bat, kafetegia eta bulegoak jartzeko bi gela ere izango ditu. Kanpoaldea txapa eta polikarbonatozko xaflekin estaliko dute. «Egunez argia sartuko da polikarbonatozko xafletatik, eta gauez barruko argia kanpoaldetik ikusiko da», esan du Arregik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide