Irteerak, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte Geoparkearen Asterako

Gorka Zabaleta 2015eko maiatzaren 21a

Urolako Itsasadarraren kontserbazio eremuan egindako lanei buruzko hitzaldia egingo dute larunbatean Algorri zentroan. Hegaztiak behatzeko ikastaroa prestatu dute hilaren 29rakoEuropako Geoparkeen Astea ospatzeko ingurumenarekin lotutako hitzaldiak, bi...

Urolako Itsasadarraren kontserbazio eremuan egindako lanei buruzko hitzaldia egingo dute larunbatean Algorri zentroan. Hegaztiak behatzeko ikastaroa prestatu dute hilaren 29rako

Europako Geoparkeen Astea ospatzeko ingurumenarekin lotutako hitzaldiak, bisita gidatuak eta tailerrak egingo ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak bihar hasi eta maiatzaren 31ra arte, Zumaian, Deban eta Mutrikun.

Aurten arreta berezia jarriko zaie Geoparkearen lurraldean bizi diren hegaztiei. Horrela, ostiralean bertan, Txio-txioka, Geoparkeko hegaztiekin ezkutaketan izeneko tailerra egingo dute sei eta hamar urte arteko haurrekin, Deban. Zumaian ere izango da hegaztiak hobeto ezagutzeko aukera. Haurrentzat hegazki migratzaileei buruzko tailerra egingo da maiatzaren 29an Algorri Interpretazio Zentroan. Eta helduentzat, maiatzaren 30ean, hegaztiak behatzen ikasteko hastapeneko ikastaroa egingo dute, Algorrin bertan, 10:00etatik 14:00etara.

Etzi, larunbatean, beste ekintza garrantzitsu bat izango da Zumaian. Natura 2000ko Urolako Itsasadarraren Kontserbazio Bereziko Eremuan egindako lanei buruzko hitzaldia eskainiko dute Algorrin. Alde batetik, Gorostiagan egin den zuhaitz landaketaren inguruan hitz egingo da; eta bestetik, Artadiko basoan datozen asteetan egingo diren mehazketa lanak izango dituzte hizketagai. Hitzaldiaren ondoren, Artadira txangoa egiteko aukera izango da, basoaren ezaugarri nagusiak hurbiletik ezagutzeko. Goiz osoa hartuko duen jarduera izango da, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte.

Hitzaldiei dagokienez, aipatzekoa da Xabier Orue-Etxebarria paleontogia katedradunak Mutrikun eskainiko duena, Euskal labeak Geoparkean izenburupean. Maiatzaren 26an izango da, Zabiel Kultur Etxean, 19:00etan. Eta Deban, hilaren 28an, Alex Zearreta EHUko mikropaleontologia irakasleak, Antropozenoa, planeta bere funtzionamendu geologiko naturaletik atera dugu? hitzaldia eskainiko du, Agirre jauregian, 19:00etatik aurrera.

Gainera, Geoparkearen Astean, hiru bisita gidatu doan izango dira: maiatzaren 24an, Karsteko zaporeak izenekoa; maiatzaren 30ean, Mutriku marinela bisita; eta maiatzaren 31n, Flysch beltza irteera. Tailerretan eta bisita gidatuetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Zumaia, Debako edo Mutrikuko turismo bulegoetan. Egitarauari buruzko informazio eta zehaztasun gehiago daude Geoparkearen webgunean, www.geoparkea.com helbidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide