Dantza ikuskizunak izango dira datozen bi asteburuetan

J.L. Romatet 2015ko mai. 20a, 00:00

Dantzaren nazioarte mailako hilabetea da maiatza. Zumaian, beste herri askotan bezala, dantzaren inguruko ikuskizunak antolatzen dira hilabete honetan.Urte batzuetatik hona Astindu dantza taldeak antolatzen du ekimen hau Zumaian. Ikuskizunak maiatzeko ...

Dantzaren nazioarte mailako hilabetea da maiatza. Zumaian, beste herri askotan bezala, dantzaren inguruko ikuskizunak antolatzen dira hilabete honetan.

Urte batzuetatik hona Astindu dantza taldeak antolatzen du ekimen hau Zumaian. Ikuskizunak maiatzeko azken bi asteburuetarako utzi dituzte. «Aurreko urteetan ikuskizunak asteburuero izaten ziren, baina aurten, agenda kontuak medio, ezin izan da halakorik egin», azaldu zuen taldeko kide Uxua Gaintzak.

Bertan behera geratu den saioetako bat Gobernuz Kanpoko Erakunde baten alde antolatzen zen Dantzara! saioa izan da. «Aurreko urteetan partaide izaten ziren talde batzuek ezin zuten etorri. Baina, horrek ez du esan nahi etorkizunean berriro antolatuko ez dugunik», gaineratu zuen.

Aurtengo Maiatza Dantzan egitasmoari hasiera emateko, pasa den asteburuan Astindu Eguna ospatu zuten. Taldekideek eta kolaboratzaileek bazkaria izan zuten eta, ondoren, urte hauetan antolatutako ikuskizunen bideo emanaldia izan zuten.

Bi egunetan banatu dituzte IV. Maiatza Dantzan-eko ikuskizunak. Igande honetan Beheko Plazan izango dira saioak. Hasteko, 18:30ean, Celine eta bere ikasleen 21 dance street ikuskizuna izango da. Honen amaieran, 19:30ean, Mendebaldeko Afrikako dantzen ikastaroa egingo dute plazan bertan, Nimba elkarteko kideen eskutik: Marie Tourek gidatuko du ikastaroa, perkusiozko zuzeneko musikarekin. Ez da aurrez izena eman beharrik izango.

Maiatzaren 29an, berriz, dantza garaikidearen txanda izango da Arranplan, ibai ertzean, Alima dantza eskolaren laguntzarekin. 18:00etan Dantza sortzailea familian tailerra gidatuko du. Hiru urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, eta parte hartzeko astindu.zde@gmail.com helbidera idatzi beharko da. Honen amaieran bi ikuskizun izango dira: Nora egingo duzu korrika sinnerman eta Beltza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide