Alex Oliden: «Jendarte sano bat lortzera dago bideratuta gure programa»

Gorka Zabaleta 2015eko maiatzaren 7a

Kimikaria ikasketaz, enpresa bat gidatu du azken urteetan Alex Olidenek (Zumaia, 1962). Pulpo elkartean hasi zen 13 urte zituenean, eta elkartean jarraitzen du 40 urte geroago.

(Argazkia: Gorka Zabaleta) Zer erronka dauzka Zumaiak? Zein dira zuen programaren ardatz nagusiak? Gure helburu gorena da jendarte sano bat izatea. Hori lortzera dago bideratuta gure programa. Adibidez, zumaiarren etorkizuna zumaiarrek erabakitzea, parte hartzearen bitartez: aurrekontuak egiterakoan, gai garrantzitsuak erabakitzerakoan… Parte hartze eremua definitzeko ordenantza berri bat idaztea daukagu pentsatuta. Herritarrekin egingo dugu. Udaletxean egotea tokatzen zaidanean jarriko ditugu foro batzuk herritarrek izan dezaten aukera Alexekin hitz egiteko. Herrian egon behar da, kalean eta jendearekin. Adibidez, hirigintza arloan zer proposatzen duzue? Alokairu sozialaren alde egingo dugu. Adibidez, San Juan egoitza ondoko mojen etxea udalarena izango da, eta hor gazteei gurasoen etxetik irteteko aukera emango dien bi etxebizitza prestatu nahi ditugu. Arau ordezkatzaileak eta plan estrategikoa ere berridazteko daude, eta hor erabaki garrantzitsuak hartu behar dira. Udalaren barruko lanaren inguruan, kritikak jaso ditugu oposiziotik, eta ondo etorriak dira. Badauzkagu zerbitzu batzuk ondo finkatu gabe, ondo esleitu gabe. Gure helburua da horiek denak erregularizatzen joatea, gure indarren arabera. Proiektu handietan dirua xahutu gabe, udala orekatu nahi dugu; zerbitzuak emateko erantzunkizuna du eta horiek modu txukunean emateko bideak jarriko ditugu. Hirigintza mailan, badaude auzo batzuek hobekuntzak behar dituztenak, San Jose auzoa, adibidez. Egin dira ekintza batzuk, baina oraindik gehiago behar du. Ekonomiaren ikuspegitik, nolako Zumaia nahi du EH Bilduk?   Mankomunitate mailan, aktibitate ekonomikoaren oreka bultzatzeko foro bat sortu nahi dugu, alderdi politiko, enpresari eta langileek osatutako mahai bat, eskualde mailakoa. Etorkizuneko erabaki inportanteak elkarlanean hartzeko. Enpresa txiki eta kooperatibei laguntza teknologikoa eta formazioa eskaintzea da gure proposamena, Udal Elkartearen bitartez, aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin elkarlanean. Zerga arloan badago zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko asmoa. Industriari begira, zer plan dauzkazue? Beste erakunde batzuen eskumenak sartzen dira, baina udalak indar guztia egingo du Udal Elkartearen bidez beharrei erantzuteko. Hemen sortzen diren ekimenek hemen garatzeko aukera izan dezaten. Duela 30 urte niri egokitu zitzaidan horrelako ataka batean egotea, eta badakit zer den. Tokiko garapen-sozioekomikoaren figura berri hori horretarako dago pentsatuta, eta gobernuan badaude neuk hartuko dut ardura hori. Turismoak zer leku izango du Zumaian zuek agintzen baduzue? Turismo plana egin nahi dugu herriko eragileekin. Ez dugu nahi turismoak eskuetatik ihes egiterik. Turismoa izango da Zumaiak izango duen aktibitateetako bat, baina ez nagusia, ez da hori gure asmoa behintzat. Turismo sustengarria izatea nahi dugu, lehentasuna emango diogu Zumaiaren izaera soziokulturalari eta naturalari, eta ondare hori ez dugu beste interes batzuen menpe jarriko. Jendarte sano eta orekatu izate horren barruan turismoak badu lekua, baina guk definituko dugu, eta ez dugu utziko merkatuaren legeen esku. Eta merkataritzarekin berdin. Zehazterik bai? Herri txiki batek ez ditu eskumen handiak izango, baina garbi daukagu oreka nahi dugula lehen sektorea, industria, merkataritza, turismoa eta hirugarren sektorearen artean. Nahi dugu Zumaiara une gogorrak etortzen direnean geure baliabideak izatea gure bizitza modu duinean antolatu ahal izateko. Eta horrek oreka eskatzen du sektore guztien artean. Turismo bulegoa lekuz aldatzeko proposamena ere egin duzue zuen programan… Anbulatorio zaharra bereganatzeko lan handia egin du aurreko taldeak, eta guk jarraituko dugu. Hor turismo bulegoa jarriko genuke, eta industria museoa. Hori da proiektuetako bat. Komentuarentzat behin betiko proiekturik ba al duzue? Komentua izango da gure obsesioetako bat. Erantzun definitibo bat eman nahi diogu gaiari, eta horretarako eragile guzti-guztien parte hartzea eskatu nahi dugu. Bestalde, herrian kulturak duen presentzia oso garrantzitsua da, eta hori mantendu eta indartzearen alde egingo dugu guk. Badaude baliabide kultural batzuk ez direnak erabiltzen bere osotasunean, museoak adibidez, eta horiei irteera eman beharko genieke irekiago izan daitezen, nahiz eta pribatuak izan. Horrez gain, kultura eragileei bultzada eta laguntza eman nahi diegu. Zumaia herri euskalduna eta munduari irekia izaten jarraitzea nahi dugu, Uemaren barruan. Kirol Patronatuaren aldeko apustua ontzat jotzen al duzue? Kiroletan egindako lanari eta Zumaian duen bulkada berezi horri laguntzen jarraitzea da gure asmoa. Kirol Patronatua sortu da, eta horren aldeko apustua egiten dugu guk. Ekipamendu aldetik badaude gabezia batzuk, eta horiei pixkanaka erantzuten saiatuko gara. Patronatuan foroa antolatuta dago, eragileek beraien eskakizunak egingo dituzte, eta elkarrizketa horretan jarraitu nahi dugu. Bestalde, astialdiari eta osasunari lotutako kirolari ere arreta jarri nahi diogu, ez bakarrik lehia kirolari. Hondakinen auzian, zein da EH Bilduren proposamena? Hondakinen kudeaketa izan da urte batzuetan gai korapilatsua, jendartea zatikatu duena. Akordio bat lortu zen, eta beharbada ez zen izango eragile guztien gustukoa, baina akordio bat dago, eta horri heltzeko eta testuinguru horretan soluzioa emateko konpromisoa hartzen dugu. Hori izango da gure erreferentzia. Eta azpimarratu nahi nuke prozesu honek balio izan digula pixka bat umilago izaten, autokritika modura. Besteek izan ditzaketen ikuspegiak kontuan hartu behar dira. Erakutsi digu inportanteena ez dela metodoa, helburua baizik. Helburua bada ahalik eta zabor gutxien sortzea gure mundua jasangarri izango bada, metodo bat baino gehiago izan daitezke baliagarri herria konbentzituta badago. Beraz, akordioari ematen diogu garrantzia, eskaintzen dizkigulako oinarriak ikuspegiak batzeko. Udal langileen kopurua igo egin da azken urteotan. Bide horri eustea al da zuen aukera? Sektore publikoaren aldeko apustu garbia egingo dugu guk, orain arte bezala. Udalak eman behar dituen zerbitzuak udalak berak kudeatzen saiatuko gara, eta ez kanporatzen. Alde batetik, efizientziagatik, sektore publikoak egin dezakeelako pribatuak bezain ondo edo hobeto. Eta bestetik, guretzat langileen duintasuna inportantea delako, helburuak langileen baldintza duinekin lortzea. Gizarte Zerbitzuetan ahalegin handia egin da. Gehiago sakontzeko beharra ikusten al duzue? Arlo inportantea izango da. Jendarte sano batek behar ditu berdintasuna eta elkartasuna. Udalari badagokio gizartean sor daitezkeen aldeak eta tirabirak leuntzea. Pobrezia egoerak eta egoera arriskutsuak saihestu behar ditugu. Hor lan handia egiteko asmoa daukagu. Etxez etxeko zerbitzuan gehiago ahaleginduko gara; adinekoen parte hartzea nahi dugu, herriko parte aktibo izatea nahi dugu asko dutelako aportatzeko eta ez ditugu baztertu nahi. Horiek kontuan hartzea inportantea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide