Oier Korta: «Herriak proiektu berriak behar ditu ilusioa berreskuratzeko»

Gorka Zabaleta 2015ko mai. 7a, 13:04

Atez atekoaren kontrako plataforman hasi, eta hortik eman du politikarako jauzia Oier Kortak (Zumaia, 1972). Ostalaritza arloan egin du lan urte askoan

(Argazkia: Gorka Zabaleta) Zein dira Zumaiaren erronka nagusiak hurrengo lau urteotarako? Ilusioa galdu duen herria da Zumaia. Duela zortzi urte proiektu asko zeuden martxan. Aldiz, Bilduren politika udal langileak kontratatzea izan da, eta horrek ekarri du udal aurrekontuan pertsonalaren kostea ikaragarri igotzea. Ondorioa da proiektuak ezin ditugula gauzatu, dirurik ez dagoelako. Herriak proiektu berriak behar ditu ilusioa berreskuratzeko. Zumaian egiten ari diren etxebizitza berriak sustapen pribatukoak dira. Ardantzabideko tasatuak bukatzen ari dira, eta horiek EAJk utzitako proiektuaren ondorio dira. Ez dute martxan jarri proiektu berririk, eta ondorioa da ez dagoela prezioaren gaineko kontrolik. Guri iruditzen zaigu udalak esku hartu beharko lukeela, etxebizitzak eraikitzeko plan bat eginez, babes ofizialekoa etxebizitzak eraiki, beti ere gaur egungo beharretara egokituta. Ekonomiari dagokionez, zer proposamen dauzkazue? Ekonomian planteatzen dugun lehen helburua da udalaren kudeaketa zorrotzagoa, herri proiektuak gauzatu ahal izateko, herriak dituen beharrei erantzun ahal izateko. Industriari dagokionez, guk planteatzen duguna da aztertzea zer behar dauden gaur egun zoru industrialaren inguruan. Udalaren eskuduntzak mugatuak dira, baina uste dut harreman zuzenagoa izan beharko litzatekeela udala eta industriaren artean. Zumaian enpresa lokal asko dauzkagu; buruak ez daude Londresen, zumaiarrak dira, eta sumatu dugu urruntasuna gaur egungo udalaren partetik. Zumaiako industria zaindu egin behar dugu, eta une zailetan guztiok saiatu aurrera ateratzen. Azken finean, zumaiarrak familia handi bat gara eta denok bultza behar dugu norabide berean: enpresek, sindikatuek, udalak, ikastetxeek… jarrera bateratu bat behar da. Borondate politikoa badago, gauzak egin daitezke. Turismoa indarra ari da hartzen. Gorantz doala dirudi. Turismoak gorakada ikaragarria izan du, eta seguru gaude ez dela geldituko Ocho apellidos vascos-ek eman dion bultzada horretan. Balio izan du jendeak Zumaia ikusteko, erakusleiho bat izan da, baina hurrengo urteetan jarraituko du. Kanpina zabalduko da udan, eta lo egiteko lekuak asko handituko dira. Etorriko zaigun turismo horri forma eman beharko diogu, jasangarria izan dadin. Erronka handia izango da. Ostalaritza aldetik uste dut indartu egin behar dugula zerbitzu on bat emateko. Eta herriko mugikortasuna ere antolatu behar da. Alde Zaharra erakargarriago egin beharko genuke, eta ez mugatu San Telmo ermitara eta San Juan iturrira. Geoparkea ere indartu egin beharko genuke, komunitate zientifikoan eta unibertsitate munduan lanketa bat egin, turismoa jaisten den hilabeteetan sektore horiek etor daitezen. Horrek bizitza emango lioke kanpinari, ostalaritzari eta merkataritzari urte osoan. Eta mugikortasuna ere antolatu behar da… Proposamen zehatzik ba al duzue? Ikusten dugu espazio asko daukagula baina azken zortzi urte hauetan ez zaio irtenbide bat eman. Kirol Portua daukagu hor metro koadro askorekin, eta uste dugu ondo bideratutako neurriekin etekin polita aterako diogula eta herriak atseden pixkat hartuko duela zirkulazio aldetik, Axular eta Etxezarreta kaleen bulebarizazioa ere hor daukagu, aparkalekuak sortu eta oinezkoentzat hobetuko lukeen egokitzapena da. Zein hondakin bilketa sistema defenditzen duzue? Bilduk bere politika jartzen du herritarren nahiaren aurretik, eta hori aldatu nahi dugu. Herri galdeketa posible egingo duen mekanismo bat lantzeko konpromisoa hartu dugu gure programan. Modu arautu batean. Onartezina da lau urtetik behin hauteskundeak egin eta, irabazten duenak irabazten duela, herria kontuan ez hartzea. Hondakinen Mahaiaren ibilbidea ere amaitu dela iruditzen zaigu, eta bakoitzak bere armairuan gordetakoa argi eta garbi hauteskundeetan plazaratzeko unea dela uste dugu guk. Gurea da egungoa mantentzea, hobekuntzak eginda: zakarrontziak gaika bereiztuta, gai bereziak biltzeko etxola herrian bertan… Kirol arlorako ba al duzue proiektu zehatzik? Kirol Patronatua nola ikusten duzue? Kiroldegiak behar nabarmenak ditu, eta proiektu plan bat landu beharko litzateke gaur egungo premiak asetzeko. Kiroldegia txikia gelditu da. Bestetik, gizartea aldatzen ari da baina Kirol Patronatutik ez da eskaintza eguneratu. Lehia kiroletik aparte ikusten dugu badagoela beste eskaera mota bat herritarren partetik, kirol klub pribatuak sortu dira, eta uste dugu Kirol Patronatuak ez duela eskaintzarekin asmatu. Pilotaleku berriaren kudeaketa ere ondo aztertu beharko da, taberna ere planteatzen da. Hori ondo begiratu behar da. Kulturan, Komentuarentzat irtenbiderik ba al duzue? Guk uste dugu Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin egin beharko litzatekeela lanketa, kontuan hartuta eraikinaren berezitasunak. Herri mailan ere egin beharko litzateke hausnarketa jakiteko zer nahiko genukeen egin eraikin horrekin. Baina zortzi urte hauetan ez da planik egin. Eta nahiago dugu, zuhurtziaz eta aurreiritzirik gabe, aukera guztiak behar bezala aztertu. Gizarte Zerbitzuak asko indartu dira azken urteotan. Zuek zer garrantzia ematen diezue? Oso garrantzitsuak dira niretzat, gizarte kohesionatua lortzeko. Norbanakakoen eta familien duintasuna da helburu nagusia. Horrekin batera, lapurretak murriztuko dira, indarkeria gutxiago egongo da… Eragin zuzena du gure eguneroko bizitzan. Zumaia herri kohesionatua da, herri txikia da, denok ezagutzen dugu elkar eta saiatu beharko dugu elkarrekin ongizatea lortzen. Gizarte Zerbitzuetan eskaerak gora egin du eta erantzun egin behar zaio. Gure ardatz nagusietako bat izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide