Gazteen zigorrak eta atxiloketak salatzeko elkarretaratzera deitu dute Zumaian

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 6a

Hasieran auzipetu zituzten 28 gazteen artean Beñat Lizeaga zumaiarra zegoen

Espainiako Auzitegi Nazionalaren 28 gazteen auziaren epaia jakin da. Epaiaren berri jakin aurretik zigortutakoak atxilotzen hasi dira gaur arratsaldean Espainiako Polizia eta Ertzaintza. Hasieran Segiko kide izatea leporatuta 28 gazte auzipetu zituzten, horietatik hamabi (tartean Beñat Lizeaga zumaiarra) epaiketaren bukaeran fiskalak hala eskatuta kargurik gabe utzi zituzten. Orain, ordea, Auzitegi Nazionalak zazpi gazte seina urteko kartzela zigorrarekin zigortu dituzte, eta gainontzeko hamabiak absolbitu egin ditu.
Epaiaren berri eman aurretik gaur arratsaldean Xabat Moran, Ainhoa Villaverde eta Bergoi Madernaz atxilotu egin dituzte Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak. Baina, horiez gain Esteban, Sagastizabal, Robles eta zaldibarrek ere seina urteko zigorra jaso dute, eta atxilotuak izan daitezke.
Mobilizazioak
Gazteei babesa ematera deitu dute. Zumaian zigorrak eta atxiloketak salatzeko gaur (asteazkena) arratsalderako elkarretaratzera deitu dute, 19:30ean, Zumaiako kiroldegi aurreko zubira. "Jarduera  politikoagatik izan ziren atxilotuak, torturatuak, epaituak eta orain kondenatuak. Eraso berri honen aurrean, herritar orori dagokigu erantzun eta elkartasunetik konpromisorako saltoa egitea. Beñat izan zitekeen, baita ni edo zu ere", adierazi dute elkarretaratzera deitu dutenek. Abenduaren 16tik ziren epaiaren zain gazteak. Auzitegi Nazionaleko fiskalak seina urteko espetxe zigorra eskatu zuen hamaseirentzako. Herri harresia egin zuten Loiolan. 28 gazteen kontrako auzia; Loiolan herri harresia
2014ko irailaren 22an hasi zen epaiketa, auzipetuen deklarazioekin. Segiko kide izatea leporatuta auzipetutako 28 gazteetatik hogei Espainiako Poliziak atxilotu zituen, eta hemeretzik torturak salatu zituzten.
Jazint Ramirez, Irati Tobar, Xabier Arina, Imanol Salinas eta Igarki Robles ez ziren aurkeztu epaiketa, Loiolan herri harresia egin zuten. Atxilotu eta espetxeratu egin zituzten; urriaren bukaeran utzi zituzten libre.
2014ko abenduaren 16an, Beñat Lizeaga eta beste 11 auzipeturen kontrako akusazioak erretiratu egin zituen fiskalak. Handik lasterrera epai zain gelditu zen auzia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide