Zumaiako Maria eta Jose ikastetxearentzat «pertsona autonomoak» dira haurrak; zero eta urte bateko haurren matrikulazio epea ireki dute, eta hainbat ekintza antolatu dute, guztiei zabalik.
Haurraren garapena bultzatzeko, «giro lasaian, baikorrean eta motibatzailean» hezten dituzte Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko Haur Eskolan, eta horretarako ezinbestekoa dute haurren oinarrizko beharrak modu egokian asetzea. «Haurraren atseden, elikadura, garbiketa eta behar afektiboak ondo asetuta badaude, garapenean aurrera egingo dute. Une hauek bereziki zaintzen ditugu, haurrarengana goxotasunez gerturatuz eta haurrari segurtasuna eta maitasuna eskainiz». Balio horietan hezi daitezen, ikasturteko bigarren matrikulazio epea zabaldu du zero eta urte bateko haurrentzat, eta hilaren 15era bitartean Haur Eskola ezagutu eta izena eman daiteke.M&J ikastetxean, pertsona «libre eta autonomo» gisa ulertzen dute haurra. «Bera den bezalakoa, dituen aukera eta mugekin, bere bizitzaren protagonista da, eta gu bere bidelagun izatea dugu helburu, modu libre batean garatu ahal izateko». Horretarako, ASKE metodologia erabiltzen dute, jolas librea, mugimendu askea eta esperimen- tazioa ardatz hartuta. «Haurrak libreki, aktiboki eta segurtasunez arituz bere garapena sustatzen oinarritzen gara».
Esperimentazio tailerrek ere garrantzia berezia dute ikastetxean, haurren oinarrizko beharrak baitira «manipulazioa, aurkikuntza eta esperimentazioa». Hori guztia aurrera eramateko, beharrezkotzat jotzen dute hezitzaileen eta familien artean harreman estua lortzea, guztien artean «harreman estua» sortzeko. «Gure Haur Eskola ez da familiaren ordezko bat, osagarria baizik». Horretarako, ekintza ezberdinak antolatzen dituzte: kafe tertuliak, familientzako esperimentazio tailerrak, festak...
Jangelan, bi aukera
Matrikulazio kanpainaren bidez, herrira zabaldu eta euren lana ezagutarazi nahi dute, eta horretarako beste hainbat ekintza egingo dituzte datozen egunetan, herritar guztientzat zabalik. Ate irekietan, esaterako, azpiegitura eta zerbitzu guztiak ikusi ahal izango dituzte. Hala nola, jangela zerbitzua aldatu egin dute, eta haren berri edukiko dute. Izan ere, orain arte jangelan soilik ikastetxeko zerbitzua eskaintzen zuten, baina familien eskaerak kontuan har- tuta, aurrerantzean norberak bere jatekoa eramateko aukera ere izango du.
Beste ikastetxeen aldean, zerbitzu ugari dituzte M&J-n; hala nola, «jarraipen pertsonalizatua eta hurbiltasuna» eskaintzen dute, haur eta familia bakoitzari egokitutakoa. Horrez gain, irailetik uztailera bitarteko egutegi zabala dute, eta familiei egokitutako ordutegi malguan lan egiten dute; 07:30etik 18:00etara egoten dira haurrekin, eta ordutegi honen barruan, bi aukera dute familiek: haurrak bost ordutan edo zortzi ordutan eduki ditzakete ikastetxean.
Gainera, eraikin bakar batean egonik, «kalitatezko zerbitzu zabala» emateko aukera dute. Izan ere, zero eta bat urteko gelaz gain, ikastetxean azpiegitura ugari dituzte: Haur Hezkuntza beheko solairuan dute, guraso eta irakasleen harremana zuzena izan dadin. Horrez gain, derrigorrezko hezkuntza osoa ikastetxe berean egiteko aukera eskaintzen dute.