Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskuz Aia, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa ariko dira, eta zestan Zumaia
Maiatzaren 10ean jokatuko dira Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketako lehen partidak. Hainbat herritako pilotariek hartuko dute parte: eskuz 22, palaz zortzi eta zesta-puntaz hiru. Atzo Donostiako Kirol Etxean egindako zozketan erabaki zituzten kanporaketak. Han, besteak beste, Mikel Arregi Ertxin Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidenteak eta Asier Sarriegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak hartu zuten parte.
Eskuzko txapelketan Urola Kostako lau herri ariko dira: Aia, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa. Zesta puntan Zumaiako taldeak jardungo du. Palan, aldiz, eskualdeko talderik ez da izango.
Maiatzaren 10ean, final-hamaseirenetan Zestoak eta Aiak elkarren kontra jardungo dute. Ordea, Azpeitiak eta Azkoitiak final-zortzirenetan hasiko dute lehia: Azpeitiak Errenteriaren kontra jokatuz eta Azkoitiak Bidania-Goiatz edo Oñati aurkari duela. Eskuko finala uztailaren 5ean izango da, Donostiako Atano III.ean.
Zesta puntako Zumaiako taldeak maiatzaren 10ean Mutrikuren kontra jokatuko du. Kasu honetan finala ekainaren 28an da, Mutrikuko Miruaitzen.
Sariak berreskuratuta
Gipuzkoa Berria izango da aurtengo txapelketaren babeslea. Horri esker, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak duela urte batzuk banatzen zituen tamainako sariak emateko aukera du: eskuz 5.000 euro jasoko ditu txapeldunak, 2.500 bigarrenak eta 1.250na euro hirugarren eta laugarren gelditzen direnek. Zesta puntaren kasuan, berriz, 1.250 euro izango dira txapeldunarentzako eta 625 bigarrenarentzat. Bestalde, kanporaketa bakoitzeko eskuko parte-hartzaileek 450 euroko saria jasoko dute; eta, zestakoek 900 euro ligaxka osoagatik eta 450na finalagatik.
Azpeitiaren itzulera
Taldea osatzeko arazoak izan dituztelako, azken urteetan Azpeitiko pilotariek ez dute parte hartu Herri Artekoan. Aurten, ordea, lehiara itzuliko dira eta hasita daude prestaketekin. Azpeitiko Ilunpe Pilota Elkartekoek azaldu dutenez, «argi dugu lan on bat egiteko moduko taldea dugula, eta duela urte batzuk lortutako emaitzak errepikatzeko asmoarekin jokatuko dugu». Pilotazaleak lehiaketa segitzera animatu dituzte: «Joan zaituzte eztarriak prestatzen azpeitiarren alde oihu egiteko».