Anaitasuna, Granollers eta Naturhouse La Riojari irabazi dio asteburuan Logroñon. Azken fasea maiatzaren 6tik 10era jokatuko da Zumaian. Zarauztarrek ez dute lortu sailkatzerik
Balentria handia egin dute Pulpo eskubaloi taldeko jubenilek asteburuan Logroñon jokatu den Espainiako Txapelketako multzoan, astebete barru txapelduna erabakiko duen zortzi onenen arteko azken faserako sailkatu baitira, Bartzelona, Ademar Leon, Covadonga (Gijon), San Sebastian de los Reyes (Madril), Maristas Malaga, Montequintos (Sevilla) eta Melillarekin batera. Maiatzaren 6tik 10era jokatuko da, Zumaian bertan gainera. Aurrena zortzi taldeek bi multzotan banatuta ligaxka jokatuko dute, eta ondoren finalaurrekoak eta finala. Pulpori Melilla, Montequinto eta Ademar Leon egokitu zaizkio multzoan.Horretarako Anaitasuna, Granollers eta Naturhouse La Rioja utzi ditu bidean, Asobal mailako klubak hirurak. Anaitasuna eta batez ere Granollers izan dira aurkari gogorrenak. Nafarren kontrako partidaren lehen ordu laurdenean galdu samar ibili ziren zumaiarrak defentsan, baina ideiak argitu zituztenean jokoaren jabe egin ziren, eta partida kontrolpean izan zuten bigarren zatian (35-29).
Larunbatean Granollersen aurka jokatutako partida benetako finala izan zen. Kontraerasoa eta pibotea dira Granollersen armarik eraginkorrenak erasoan, eta Pulpok oso ondo jakin zuen biak indargabetzen. Zumaiatik joandako dozenaka lagunen bultzadarekin ondo eutsi zioten nekeari bigarren zatian, eta Granollersek amore eman behar izan zuen nahi baino lehen (29-26). Garaipenarekin eskuan zuen txartela Pulpok. Igandean La Riojaren aurkako partidan ez zegoen ezer jokoan, eta jokalari guztiek izan zuten jokatzeko aukera. Partida serioa azkena ere, eta garaipen erosoa (21-44).
Logroñon bazkaldu ondoren, jokalariei harrera egin zitzaien igande arratsaldean Zumaian. Orain kezkarik handiena da min hartutako jokalariak osatzea ahal den ondoen, azken fasean gozatu eta, zergatik ez, ahalik eta urrutien iristeko. Ander Torrikok min hartu zuen sorbaldan lehen partidaren hasieran, eta ezkerreko besoa lotuta dauka. Ikusi beharko da garaiz osatzen den, jokalari garrantzitsua da eta.
Zarauztarrek Leonen jokatu dute B multzoan, baina haiek ezin izan dute azken fasera igaro, eta beraz, ez dira egongo Zumaiako hitzorduan.