Geoparkeak 2.400 zuhaitz landatu ditu Zumaiako lurretan

Urola Kostako Hitza 2015eko apirilaren 27a

Zumaiako Udalak Gorostiagan duen sailean bertako espezieak landatu dituzte

Urola itsasadarreko ekosistemak lehengoratzeko asmoarekin, Euskal Kostaldeko Geoparkeak 2.400 zuhaitz landatu ditu Zumaiako Udalak Gorostiagan duen lursailean. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du. Geoparketik adierazi dutenez, lurraren ezaugarriak kontutan hartuta, dentsitate handiko landaketa egin dute. Bi hektareako eremu batean, bertako dozena bat espezietako landareak sartu ditu: lizarrak, gereziondoak, arteak, artelatzak, zumar hostozabalak, zumar hostotxikiak, gurbitzak, hurritzak, gorostiak, erramuak, gartxuak eta karraskilak.. Landare horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arizmendi haztegitik ekarri dituzte.
Zuhaitzak landatu aurretik, lursaila garbitu egin dute, sasiak eta landare inbaditzaileak kenduz; baina, bertan hazita zeuden zuhaitzak errespetatuz. Geoparketik esan dutenez, egitasmo hau Natura 2000 Sareko Urola Itsasadarraren Kudeaketa Planean jasota dago, baita Urolako Itsasadarreko Plan Berezian ere, eta aldi berean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin ingurune naturala babesteko zein iraunkortasuna sustatzeko sinatu duen hitzarmenean dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide