Bertso eta rock jaialdi bana santelmoetako repetizioak hasteko

Gorka Zabaleta-baleike 2015eko apirilaren 17a

Lau eguneko jaiak ez dira nahikoa zumaiarrentzat, ez behintzat santelmoetan. Ajea atzean utzi eta berriz festan murgiltzeko aukera dute gaurtik igande gauerdira arte, santelmoen repetizioekin. Denborarekin arrakastatsuak bihurtu diren bi jaialdi izango dituzte gaur Zumaian. 20:00etan Bertsotan Jai jaialdia izango da Torreberrin. Koadrilaka eta jai giroan ospatzen den txapelketa izaten da hau; lehen asteburuko saio ofizialetik ezin urrunago dagoen izpiritua du. Hala zioen lehen ostiraleko jaialdian aritu zen Maddalen Arzallus bertsolariak: «Lehen Zumaiako bertso txapelketa oso formala zen. Orain askoz hurbilagoa da eta gutxieneko bat duen edozeinek hartu dezake parte. Aurreko urte batean kantatu zuen bertsotan sekula entzun ez duzun jendeak. Irabazi ere egin zuen batek, eta ez dakit nola! Pixka bat baldin badakizu eta pixka bat ausarta bazara, parte hartu dezakezu. Nik uste dut horrek bultzatzen duela partaidetza, baina baita entzuleak ere. Entzutera zoazenean ere ez zoaz bertso saio formal batera». Gaur gaueko jaialdian ere ez du huts egingo Zumaian bizi den hendaiarrak. 22:30ak aldera eta txosna eremuan, Bertsio Gaua egingo dute. Hamar bat talde igoko dira oholtza gainera gogokoenak dituzten taldeen kantak jotzera: Berri Txarrak eta Su ta Gar, Willis Drummond eta MC5, Arctic Monkeys eta Rolling Stones. Egitasmo honek urtetik urtera gero eta arrakasta handiagoa duela uste du Jon Urruzuno rockzaleak. «Talde askotan aritzen diren musikariak nahastuta ikusteko aukera izaten da gau horretarako espresuki sortutako taldeetan eta, gainera, zoroarena egiten. Umorea izaten da, eta gainera talde famatuen kantak edo temazo handienak jotzen dira, eta horrekin jendea gustura egoten da». Aurten ere txosnetako eszenariora igoko da zumaiar hori. Bere kasuan, Urola Remember proiektuarekin azalduko da: «Gugan eragina izan duten Azpeitiko eta Zumaiako talde batzuen bertsioak joko ditugu». Iazko Bertsotan Jai saioko une bat (Gorka Zabaleta) OSTIRALA, APIRILAK 17 18:00etan. Eusebio Gurrutxaga plazan Rana eta Pote txapelketak. Beheko Plaza elkartearen eskutik. 20:00etan. Torreberrin, Bertsotan Jai, herriko bertsolariekin. 20:30ean. Txosna eremuan, Bertsio Gaua herriko musika taldeekin. LARUNBATA, APIRILAK 18 10:00etan. Txirrindulari proba. 11:30ean. Haur jolasak Ondartxo plazan, Itxas Gain elkartearen eskutik. Ordu berean. Eusebio Gurrutxaga plazan, Olagarro-zoparen XIV. Lehiaketa. Ekitaldia alaitzeko Elustondo anai-arrebak trikitilariak. 12:00etan. Herriko kaleetan Beheko Plaza eta Bilboko Kirikiño abesbatzen saioa. 12:30ean. Amaiako Plazan hasita, Maddalen eta Jagoba trikitilariak. 14:30ean. Txosnen eremuan, bazkaria. 18:00etan. Eusebio Gurrutxaga plazan, Txanogorritxu Rock izeneko dantzaldia herriko haurrentzat. 18:30ean. Beti Jai Fanfarrea kalez kale. 19:00etan. Plazan hasita, Dinbi Danba perkusio taldea kalejiran. 22:00etan. Txosna eremuan, kontzertuak: The New Brigade, Bellator, Habemus Papa, Kolpatu 22:30ean. Kofradian, Oihan Vegarekin diskoteka. IGANDEA, APIRILAK 19 12:00etan. Itzurun hondartzan, zaldi lasterketa egingo dute eguerdian. Ordu berean. Iraunkorrak txaranga. Eusebio Gurrutxaga plazan, berriz, Erkibe elkartearen eskutik, olagarro zopa dastatzeko aukera. 17:00etan. Trainerillen estropadak, XXXII. San Telmo Saria eta Emakumeen San Telmotako III. Estropada. 17:30ean. Aita Mari aretoan, haurrentzat antzerkia: Txutxupe Txirri, Mirri eta Txiribitonekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide