Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aste Santuekin batera, Iraurgi Berritzen agentziako Turismo Sailetik koordinatzen eta kudeatzen den Bost Geltoki Historian egitasmoa abiatuko dute ostegunean zazpigarren urtez. Bailarako produktu turistikoa eta historia ezagutzeko bost geldialdi egin ahal izango dituzte bisitariek, honako museoetan: Zumaiako Algorri Naturaren Ezagutza Etxean, Zestoako Ekainberrin eta Lili Jauregian eta Azpeitiko Euskal Museoan eta Loiolako Santutegian. Horiez gain, bailarako osagai gastronomikoarekin osatuko dute egitasmoa.
Antolatzaileen arabera, geltoki horiek bisitatuz "publikoari bidaia bat" egiteko aukera eman nahi diote: "Bidaia geografikoa alde batetik Zumaia tik Azkoitiraino Urola bailara zeharkatuz, eta bidaia historikoa bestetik, historiako zenbait aro, pertsonai edo momentu klabe interpretatuaz eta lehen eskutik ezagutuz".
Museoez gain, honako tabernek ere parte hartuko dute ekimenean: Kresala taberna (Zumaia), Fati Taberna (Zestoa), Oñatz taberna (Azpeitia) eta Kiruri taberna (Loiola, Azpeitia). Hori hala, Bost Geltoki Historian ekimenean parte hartzen dutenek eskaintza bereziak izango dituzte museo eta tabernetan. Hamar eurotan eros daiteke forfaita, bost museoen sarrerek batuta balio dutena baino %50 merkeagoan. Horren truke, museo bakoitzera sartu ahal izango da, eta taberna bakoitzean pintxo eta edari bat hartu ahal izango dute, bi eurotan.